Etxabek eskuratu du finalerako bigarren txartela

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 5a

Puntuazio polita lortuz Julen Zelaietak finalerako sailkatzeko aukerak gorde zituen

Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final aurrea joan den larunbatean jokatu zen Goizuetako udaletxean. Lehiatu ziren 6 bertsolarien artean 2 nabarmendu ziren, Etxabe eta Julen Zelaieta. Guttigatik izan bazen ere, saioa lehenarentzat izan zen, guztira 399 puntu lortu zituen, eta beraz, finalean zuzenean aritzeko txartela. Berako bertsolariak ere ez zen gaizki ibili, eta azkenean 392,5 puntu lortu zituen. Hauen ondotik tarte adierazgarria izan zen, hirugarrenak Iñigo Ibarrak 369 puntu baizik ez baitzituen lortu. Jon Elizetxe laugarren gelditu zen 360 punturekin, Diego Riaño bosgarren 351,5 punturekin eta Iñaki Aleman seigarren 307 punturekin.

Saioak gorabehera anitz izan bazuen ere, giro polita egon zen Nafarroako Bertsolari txapelketako bigarren finalerdian. Julenek golpe ederrak bota zituen, baina Etxabek segurtasun handiarekin erantzun zion. Orotara 200 bat lagun hurbildu ziren bertso saioa entzutera.

Finalaurreko bat jokatzeko gelditzen delarik, Iñigo Olaetxea eta Etxabe dira finalerako sailkatuak daudenak, eta puntuazioaren arabera, Julen Zelaieta eta Jon Barberena, biak 392,5 punturekin, Bittor Elizagoien 385 punturekin, Julio Soto 373,5 punturekin eta Eneko Lazkoz 373,5 punturekin. Lehen biek aukera onak dituzte martxoaren 24eko finala jokatzeko, baina bertzeen kasuan ikusi beharko da azken final aurrekoan zer-nolako maila erakusten duten lehiatuko diren bertze sei bertsolariak, Erika Lagoma, Alazne Untxalo, Xabier Silveira, Miel Mari Elosegi, Oskar Estanga eta Aritz Saraguetak. Hirugarren finalerdi hau Berriozaren jokatuko da, heldu den larunbatean arratsaldeko 18:00etan, bertako Musika Eskolan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun