Haur kantu jaialdia bihar hasiko da Lurren

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 2a

Baztan, Doneztebe eta Berako 7 talde arituko dira

Larunbat arratsaldean Lur dantzalekuan eskainiko den kontzertuarekin hasiko da aurtengo Haur Kantari Jaialdia. 18:00etatik aitzinera, Baztan, Doneztebe eta Berako 7 talde eta bakarlarik kantu bana eskainiko dute oholtza gainean. 2007ko edizio huntan 3 bakarlari aurkeztu dira; Doneztebeko Nahiara Aizpuru, Hertzainaken Ispiluaren aurrean kantatuko duena, Garbiñe Olazar, hau ere Doneztebearra, Sugan Taldeko Maitatzen zaitudalako kantua eskainiko duena, eta Berako Izaro Iriarte Xabier Leteren Xalbadorren heriotzan kantuarekin. Bertze lau parte hartzaileak talde gisa aurkeztuko dira. Baztango Xixo taldeak, Sorotan Beleren Arratsalde honetan eskainiko du, Ttuku Ttuku taldeak, hau ere baztandarra, Goizian argi hastian Etxaun Iruriren kantua emanen du. Azkeneko, bi taldeak Beratarrak izanen dira, lehenek, Axuriak taldeak, Maitasun Hitzak kantu herrikoia abestuko dute, eta bertzeek, Laruna taldeak, Moro katuaren kanta.

Aurten, Haur Kantari Jaialdiaren 20. edizio huntan, bertze 3 saio eskainiko dira, martxoaren 10ean Lizarra, martxoaren 17an Lekunberrin eta martxoaren 24an Antsoainen. Lehen 4 saio horietan antolatzaileek hautatuko dituzten taldeekin, bukaerako saioa eginen da apirilaren 1ean Iruñeko Gayarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun