Iruritako bi talde finalean

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 1a

Finalak, larunbat arratsaldeko 19:00etatik aitzinera jokatuko dira Iruritan

Laxoa elkarteak antolatu duen VIII. paxaka txapelketa bukatzera doa. Final nagusia, eta 3. tokirako finala larunbatean jokatuko dira Iruritako pilota-lekuan.

Final erdiak joan den asteburuan jokatu ziren, batetik, Irurita E, Iñarrea, Etxenike eta Etxenike, eta Iruita C, Alfaro, Etxandi eta Bidegainen artean, eta bertzetik, Ipar Izar, Mendiburu, Idoate eta Mendiola, eta Irurita B, Urrutia, Urrutia eta Elizainzinen artean. Lehen partidan, Irurita E ez zuen zailtasun handirik izan C taldea menean hartzeko. Honen adierazgarria dugu bukaerako emaitza, 9 eta 1 Iñarrea, Etxenike eta Etxenikeren alde. Bigarren finalerdia, orekatuagoa izan zen, baina azkenean huntan ere, Iruritarrak izan ziren nagusi. Ipar izarrekoak 9 eta 6 menderatu zituzten. Hortaz, larunbat arratsaldeko 19:00etan jokatuko den finalean Iruritako bi hirukote arituko dira, alde batetik Iñarrea, Etxenike eta Etxenike, eta bertzetik Urrutia, Urrutia eta Elizainzin. Ordu bat goizago 3. posturako finala jokatuko da, finalerdietako galtzaileen artean, Alfaro, Etxandi eta Bidegain, eta Mendiburu, Idoate eta Mendiolaren artean.

Frontenis txapelketa

Pilota kontuekin segituz, baina frontenis modalitatean, Lesakako txapelketako finalerdiak jokatuko dira igande arratsaldean herriko pilota-lekuan 17:00etatik aitzinera. Almandoz eta Aiestaran, Mitxelena eta Romanoren aurka arituko dira finaleko txartela lortu nahian, eta Maia Mitxelena, Martinez eta Rodriguezen aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun