Otsailean, Nafarroako landa eremuko osasun zentroetako 25 zuzendarik bilera egin zuten haien lan egoera aztertzeko. Leitzakoa, Doneztebekoa eta Lesakako ere bertan egon ziren. Horren ondorioz, arlo ekonomikoan eta giza baliabideen arloan dituzten eskasak salatzeko idatzi bat sinatu zuten. Horrekin, Lehen Arreta hobetzeko egin dituzten eskaerei Nafarroako Osasunbideak ez dietela kasurik egin jakinarazi dute. Duela 3 urte Lehen Arretarako zuzendaritza eskainita, dituzten arazoak konpontzeko asmoarekin, osasun zentroetako zuzendariek lan taldeak osatu zituzten, baina sinatzaileek diotenez, epe horretan ez da ezta egin duten eskaintza bat ere kontuan hartu.
Zuzendarien erranetan, gaurko egoera kaotikoa da kasu batzuetan. Giza baliabideen eskasari aurre egiten zaio arlo horretan ari direnen fundamentuari esker. Ordu gehiago sartzen dituzte baina gaur egun egoera ezin egona bihurtu da zuzendarien arabera. Hala bada ere, idatziaren bukaeran, argi uzten dute, zerbitzua hobetzeko lan egiten segitu nahi dutela, baina Lehen Arretarako zuzendaritzarekin eta Osasunbideko gerentziarekin bildu nahi dute lehen bai lehen egoera hobetzen hasteko. Lortzen ez badute bertze erreklamazio manerak erabiltzea ez dute baztertzen.
Guztira Nafarroako landa eremuko 33 osasun zentroetako 25 zuzendarik sinatu dute aipatutako idatzia.