Asteburuan abiatuko da Iparra Hegoa Kultur Astearen barrenean egiten den Euskal Herriko III. Mus Txapelketa. Finala, martxoaren 17an jokatuko da Seguran, baina hartara sailkatzeko saioak martxoaren 2, 3 eta 4an jokatuko dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Gure eskualdean ere, kanporaketa bat eginen da bi saiotan banatua. Lehena Lesakan iraganen da ortziral arratsean Arrano ostatuan arratseko 10:30ean, eta bigarrena, larunbat arratsaldeko 16:00etan Kataku ostatuan. Garaileak elkarren aurka arituko dira gure eskualdeko irabazleei dagozkion 200 euroko saria eta Segurako finalean parte hartzeko txartela eskuratzeko. Bigarrenek ere ez dute sari txarra izanen bildotsa jasoko baitute. Finalaurreko hirugarren gelditzen denak bertako produktuekin osatutako saskia irabaziko du. Parte hartu nahi dutenek aipatutako ordu eta lekuetan aurkeztu beharko dira izenak bertan hartuko baitira. Finala bi aste beranduago jokatuko da Seguran, martxoaren 17an Iparra Hegoa Kultur Astearen baitan. Zazpi probintzietatik joandako 14 bikote lehiatuko dira txapela jazteko baita jokoan den 1000 euroko saria eskuratzeko ere.
Euskal Herriko Mus Txapelketaren III. edizioa bada ere, Iparra Hegoa Kultur Astea duela 12 urte hasi zen. Hastapenean bi elkarteen arteko harremana zena, azken urte hauetan neurri handiagoa hartu du, eta honen inguruan biltzen dira Euskal Herriko hainbat herrietatik etorritako jendeak.