Azeri eta basurde ihiziko azken eguna, ohi bezala otsailaren azken igandea, ihiziko denboraldiari bukaera eman zion. Irailaren lehen igandea arte ehiztariek eskopetak altxatu beharko dituzte. Hegaztien denboraldia hagitz txarra izan da aurtengoan. Usoei dagokionez, iaz bezainbat pasatu dira, baina ehizatzeko era txarrean. Oilagorrei begira berriz, ale gutti ikusi dira. Ia-ia erran daiteke gehienek Pirinioak ez dituztela ezta zeharkatu ere. Lurreko ehizan berriz denboraldi polita izan da, basurdeen kopurua bere horretan segitzen du. Eguraldi ederra dela eta, bazka gehiago izaten dute, eta horrek ugalketa laguntzen du txerramek araldiak maizago izaten baitituzte. Oparotasun hori dela eta, ihizi modalitate horrek gero eta arrakasta gehiago izaten du, eta ehiztariek gero eta antolatuagoak izaten dira. Horren froga dugu denboraldi batean hiltzen diren basurdearen kopuruak. Sunbillan adibidez, aurten 50 baino gehiago hil dituzte. Azpimarratzekoa da ere urtetik urtera handitzen ari den orkatzen kopurua gure eskualdean. Duela zenbat urte gutti ziren, baina azkenaldi huntan non-nahi ikus daitezke. Horiek horrela pentsa daiteke heldu den urteetan hauen ehizatzeko baimen gehiago emanen direla.