Nafarroako Herri Kirol Jolasetako lehen jardunaldia jokatu zen igande goizean Arbizun. Proba konbinatuan hiru maila izan ziren, kimuena, haurrena eta kadeteena. Proba osatzen zuten lanak hauexek izan ziren, koxkor biltzea, zakularien lasterketa, txingak, lasterketa arrunta eta arpana. Gazteenen mailan arpanean ez ziren aritu behar izan.
Kimuen mailan, Berriozarkoek lehen bi postuak hartu zituzten, Basaburuko taldeak 3. egin zuen, eta Igantzikoa 4. Haurren mailan ere, gure eskualdeko taldeak ez ziren batere makal ibili. Basaburukoek lehen postua lortu zuten, igantziarrek 3. eta aranztarrek 8. Kadeteen mailan, Baztandarrak berriz ere oso fin ibili ziren, eta bigarren postua lortu zuten Andra Mari taldearen ondotik. Aranztarrek zailtasun gehiago izan zituzten eta 5. postua baizik ez zuten lortu.
Soka tira proban bi maila besterik ez ziren, haurrena eta kadeteena, baina lehenaren kasuan bi multzo egin behar izan zituzten. A multzoan Basaburua izan zen garaile, eta hortaz 4 puntu eskuratu zituen. B multzoan berriz Igantzi bigarren gelditu zen Txantrearen gibeletik. Bi puntu besterik ez zituzten lortu. Kadeteen mailan multzo bakarra zen eta hor ere, Basaburukoak hagitz ongi ibili ziren bigarren postua lortu baitzuten Anda Mari taldearen ondotik. Emaitza horri esker 4 puntu eskuratu zituzten.