Baiinternet bidez, bai CD bidez, Zugarramurdiko lehengo bizitzari buruzko informazio ugari ikusteko aukera izanen dugu luze gabe: lehengo bestak, inauteriak, eguberriak, kontrabandoko istorioak, kisua eta ikatza egiteko lanak, zurgintza eta mendiko lanak, sasoiko bertze lanak (ogia, belarrak, iratzea, artoa, ilarrak, arbia...), lehengo haur jokoak, haur kantak, mendiko eskolak, herriko eskolak, etxeko andreen lanak (arropa eskuz garbitzea, xaboina egitea, matalaza harrotzea, ogia egitea...), janzkerak (abarkak, kalotzak, ardi larrua...), sortzeak, ezkontzak eta heriotzak (gauhila, aukoaitzinekoak...), sendatzeko erabiltzen ziren erremedio bereziak, usadio xaharrak (firla jokoa, maiatzeko gurutzeen prozesioak, zotal egunak edo sanson harria...).
Nafarroako Unibertsitateak, Nafarroako Kutxak eta Euskokultur Fundazioak martxan jarri duten bilketa da Zugarramurdin egiten hasi direna. Gisa berean, Nafarroako herri gehienetan ere biltzen ari dira honelako informazioa. Zugarramurdiren kasuan, adineko bortz lagun elkarrizketatu dituzte eta eurek errandako guztia telebista bidez grabatuta gelditu da, gero Interneten argitara emateko. Iruñeko Civicanen ere kontsultu ahal izanen da eta, azkenik, herriari itzultzeko izanen da. Lan hau Akelarre Elkarteak ordaindu du.