Hamar eguneko bidaia antolatu du Arkupeak elkarteak ‘Costa del Sol’era

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 27a

TTIPI TTAPA

«Costa del Sol»era joanen dira martxoaren 19tik 28ra Arkupeak erretiratuen eta pentsionisten elkarteko lagunak. Hamar egunetarako bidaia antolatu dute eta hainbat txoko bisitatuko dituzte. Bidaia autobusez eginen dute eta lehenbiziko egunean Almuradielen eginen dute geldialdia. Bigarren egunean, Fuengirola joanen dira eta handik hainbat tokitara ateraldiak eginen dituzte: Granada, Ronda, Nerja, Sevilla, Cordoba... Sevillan gau pare bat pasatzeko aukera ere izanen dute.

Leku andana ezagutzeko aukera izanen dute Arkupekoek: Granada eta Ronda bezalako hiriak, Nerjako kobazulo ospetsuak, Sevillan hiria eta Morako Bodegak, eta bertzeak bertze, Cordoban Mezkitara sartu ahal izanen dira. Prestatutako ateraldi eta bisita gidatuez gain, lasaiago egoteko aukera izanen dute, egun libreak ere izanen baitituzte.

Irteera egunean, autobusa 06:45ean aterako da Irundik eta bide nagusiko herrietan geldialdiak eginen ditu. Baztandarrek Oronoz-Mugairin eta Leitzaldekoek Iruñan hartuko dute autobusa. Itzulera, berriz, hilaren 28an eginen dute, aurreikusitako orduan. Tokian tokiko berezitasunak eta norbere herritik haratago zer dagoen ezagutzeko aukera ezinhobea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun