Eguraldiak aunitzik lagundu ez bazuen ere, giro ona izan zen inauterietan. Gazteek baserriz-baserri ortziralean egin zuten eskearekin hasi ziren inauteriak. Bitartean, eskolako haurrak karrikaz karrika ibili ziren euren mozorroak erakusten. Larunbat arra-tsaldean orgen desfilea egin zen. Lehenik, hori bai, giroa berotzeko bazkaria izan zuten parte hartzaileek. Desfilea zabaltzen, San Ferminetako peña bat agertu zen eta poliki-poliki era aunitzetako karroza eta mozorroak agertu ziren karriketara: Ballet dantzariak, Txirri, Mirri eta Txiribiton Tortolikarekin, Superman talde bat, ezkongai baten despedida... Atzerriko jendearen bisita ere izan zuten doneztebarrek. Kubatik zuzenean Fidel etorri zen eta Marbellatik Julian Muñoz eta bere neskak. Dakarrerako materiala ere erakusgai jarri zuten bertze batzuk. Haur sortu berriak, eskimalak, ijitoak, bolei-hondartza... Afrikatik etorritako tribu baten batukada saioa eskaini zuen. Euskal preso eta errefuxiatuak gogoan zituen orga ere atera zen Doneztebeko karriketara. Eta apirila oraindik sartu ez bagara ere, feria zuzen-zuzenean segitu genuen, osaba Joxe eta guzti; bucanero koadrila bat… Ameriketako Estatu Batuetatik zuzenean, karroza eder bat ere hurbildu zen.