Arantza, Igantzi eta Etxalarko eskoletako gaztetxoenak poesiaren mundua hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute berriki. Auxtin Zamora Senpereko olerkaria lagun zutela poesia olerki tailerrak egin zituzten otsailean, eta bai Auxtin eta bai eskoletako jendea ere gustura gelditu dira egindako lanarekin.
Euskal Herriko hainbat eskola eta ikastola bisitatu ditu dagoeneko Auxtinek azken bederatzi urteotan. Senpereko ikastolako haurrekin hasi zen eta geroztik, «euskara kokatua den xoko guzietara noakie», dio. Eskualdeari dagokionez, Arantzako Jose Ramon Amorosen ikasleekin, Igantziko Mikel Zelestino, Etxalarko Jose Mari Remiro, Berako Belen Oronoz eta Senpereko Beronika Zamora eta Paxkal Bourgoinen irakasleekin egin ditu esperientzia hauek.
Auxtin Zamoraren hitzetan, olerkigintza «oraingo garaian gaztetxoek beren arimaren biluzteko urduritasun gutxiago dute. Interneten bitartez, uste baino gaztetxo gehiagok eguneroko arazo eta sentimen gaietaz olerkiak idazten dituzte. Baina ez dira publikatuak». Orain, ordea, horietatik batzuk Hatsaren Poesia olerki bilduman argitartuko dira.
Tailer horietako bakoitza «sorkuntza momentu bat» bilakatzen dela azaldu digu Auxtinek. Batzuetan argazki bat hartzen dute abiapuntutzat, bertze batzuetan, ordu erdiko ibilalditxo bat. Eta gero askatasun osoan argazkia begiratuz edo ibilaldian bizitakoa idazteko erraten die ikasleei. Haurren poesia helduena baino freskoagoa dela dio Senperekoak, eta ez dela zaila gaztetxoek poesiaz interesa agertzea: «Beraiek bereziki irudimen, sentimen, hitzen intuizioen aldetik guk baino aberatsago ikusten dutelako bizia».