Larretxea, Erasun eta Rekondo txapelik gabe

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 26a

Gure eskualdeko hiru aizkolariak ongi aritu ziren baina txapeletik segundu batzuetara gelditu ziren

Gutti falta izan zen Urrezko Aizkolarien Binakako txapelak gure eskualdera etortzeko. Helduen mailan, Donato Larretxea eta Joxejuan Barberena garaipenetik 32 segundora gelditu ziren, eta 23 urte azpiko mailan Jon Rekondo eta Ander Erasun 16 segundora. Bi finalak orekatuak izan ziren, eta bukaera arte itxoin behar izan zen jakiteko aurtengo txapeldunak zeintzuk izanen ziren.

Gazteen mailan, Atutaxa II. eta Aldape ziren faboritoak, baina finalerdian erakutsitako mailarekin bi nafarrek duda sortu zuten adituen artean. Lehen proban, 45 ontzako bat moztu behar zuten ahal bezain kolpe guttiagorekin. Hasiera-hasieratik lan hunek erakutsi zuen zer-nolako finala izanen zen. Bi bikoteek 35 kolperekin berdinduta bukatu zuten. Bigarren proban 2 kana-erdiko moztu behar zituzten erlojuaren aurka, aizkolari bakoitzak bana. Joko horretan bizkaitarrak izan ziren azkarrenak, baina alde anitz ez zieten atera Aurtizko eta Leitzako aizkolariei. Lehenek minutu eta 38 segundo behar izan zituzten, eta bertzeek minutu eta 45 segundo. Ondoko lanean 54 ontzako enborra moztu behar zuten, baina oraingoan zutik. Aldape eta Atutxari ez zitzaien sobera eroso ikusi, eta gure eskualdeko aizkolariek ederki baliatu zuten proba haienganatzeko, eta alde pixka bat ateratzeko. Hirugarren proba huntan Ander eta Jon 2 minutu eta 16 segundoko denbora egin zuten, eta Aitzol eta Unaiek 49 segundo gehiago, 3 minutu eta 5 segundo. Laugarren proban, zutikako 72 ontzakoan, bizkaitarrak berriro nagusitu ziren, baina nafarrei 21 segundo besterik ez zieten kendu. Bosgarren proban 36 ontzako bi enbor zituzten mozteko, bata zutik eta bertzea etzanda. Berriz ere zutikako enborraz ederki baliatu ziren Ander eta Jon, eta proban bereganatzeaz gain berriz ere alde pixka bat hartu zuten. Proba minutu eta 26 segundotan bukatu zuten, eta Aitzol eta Unaiek minutu eta 49 segundotan. Iraupeneko proba gelditzen zela, finalak itxura polita hartzen ari zen, Rekondo eta Erasunentzat, lehen 5 probetan 44 segundoko aldea ateratzea lortu zuten. Hala ere, oraindik bertze 6 enbor zituzten mozteko, 54 ontzako 4 eta 60 ontzako 2. Bi bikoteak ederki aritu ziren proba huntan ere, baina azkenean erran daiteke suerteak erabaki zuela aurtengo finala. Eratsunek enbor bat ia moztua zuenean, apurtu egin zitzaion, eta gelditzen zen zatia mozten denbora anitz galdu zuen. Suerte txarraren ordaina handia izan zen, Bizkaitarrek iraupeneko proba burutzeko 9 minutu eta 24 segundo eman bazituzten, Nafarrek bertze minutu bat behar izan zuten, 10 minutu eta 24 segundo eman zituzten. Horiek horrela, azken proban Aitzol Atutxa eta Unai Aldapek aitzina hartu zuten. Orotara, lan guzien betetzeko 19 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten, eta Jon Rekondo eta Ander Erasunek 19 minutu eta 40 segundo. Hortaz aurtengoz ere, 23 urte azpiko Binakako Urrezko Aizkolarien txapela Bizkaian egonen da.

Helduen mailan ere bazen gure eskualdeko ordezkari bat, Donato Larretxea hain zuzen. Joxejuan Barberenarekin batera, Floren Nazabal eta Juanjo Lopezen aurka lehiatu zen. Azken hauek faboritoak ziren baina, hala bazen ere finala orekatua izanen zela jakina zen. Gazteen mailan bezala, lehen proban 45 ontzako bat moztu behar zuten kolpeka. Hasierako lan huntan, guttigatik bazen ere, Larretxea eta Barberena nagusitu ziren. 33 kolpe behar izan zituzten enborra erdibitzeko eta Nazabal eta Lopezek berriz 36. Hala ere, ondoko 4 probetan Etxarrikoa eta Lezaungoa izan ziren azkarrenak. Probaz proba aldea handituz joan ziren. Erlojuaren aurka moztu beharreko bi 45 enborretan minutu eta 26 segundo behar izan zituzten, aranztarra eta beruetarra berriz minutu eta 39 segundo. Hirugarren proban , zirkunferentzian 2 metro zituen zutikako enborra moztean alde handirik ez zen izan bi bikoteen artean. Floren eta Juanjok 4 minutu eta 48 segundo eman zituzten eta Donato eta Joxejuanek segundo bat gehiago, 4 minutu eta 49 segundo. Ondoko proba ere antzekoa izan zen, alde gutti izan zen bi taldeen artean. 72 ontzakoa etzanda mozteko 2 minutu eta 27 segundo eman zituzten Nazabal eta Lopezek eta Larretxea eta Barberenak 2 minutu eta 46 segundo. Bosgarren proban alde gehiago atera zuten Floren eta Joxejuanek, eta anitzen erranetan proba horretan eskapatu zitzaien aurtengo txapela Arantzako eta Beruetako aizkolariei. Zutik eta etzanda ziren 54 ontzako bi enbor mozten Etxarrikoa eta Lezaungoak 3 minutu eta 27 segundo pasatu zuten, eta aurkariek bertze 25 segundo. Lehen proban ez ezik, bertze guzietan pixkanaka pixkanaka handitzen joan ziren aldea kontuan hartuz, iraupeneko proba gelditzen zitzaiela, Nazabal eta Lopezek 45 segundoko aldea zuten. Ezinezkoa ez bazen ere, Larretxea eta Barberenari zaila eginen zitzaien hainbeste denbora berreskuratzea gelditzen ziren 54, 60 eta 72 bina enborrak moztean. Azken proba huntan, Donato eta Joxejuan nagusitu ziren, baina ez zuten nahiko aldea atera txapela haienganatzeko. Iraupeneko proba burutzeko 13 minutu eta 20 segundo eman zituzten, Floren eta Juanjo baino 13 segundo guttiago. Zoritxarrez ez zen aski izan. Kontuak egiterakoan txapela Lezaungoa eta Etxarrikoarentzat izan zen. Proba guzien burutzeko 26 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten, eta Larretxea eta Barberenak 26 minutu eta 59 segundo. Nazabal eta Lopezek, iaz Mindegia eta Senosiainek eskuratutako txapela jantzi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun