Iñigo Olaetxea Elizondon izanen da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 26a

Bertsolari erregularrena izanda lortu zuen finalerako txartela

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa larunbatean jokatu zen Etxarrin. Iñigo Olaetxeak irabazi zuen saioa, eta bidenabar finala jokatzeko txartela. Lesakarrak 396,5 puntu lortu zituen. Jon Barberena hurbil ibili zen, baina azkenean 4 punturengatik bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen 392,5 puntu eskuratuta. Hirugarrena Bittor Elizagoien izan zen 385 punturekin, eta laugarrena Julio Soto 373,5 punturekin. Azkenaurrekoa, sailkapen saiotik pasatutako Eneko lazkoz izan zen. Lehen parte hartzea izateko ez zen batere makal ibili 373 puntu lortu baitzituen. 6. Oier Lakuntza izan zen 369,5 puntu lortuta.

Etxarriko Kultur Etxean 170 bat lagun bildu ziren, gehienak Eneko Lazkoz eta Julio Sotoren jarraitzaileak. Giro ederra izan zen, baina bertsoen aldetik denetarik entzun ahal izan zen, bertso onak baita ez hain onak ere. Saio gainbeheratxoa eskaini zuten 6 bertsolariek. Horretaz ederki baliatzen jakin zuen Iñigo Olaetxeak, eta parte hartzaileen artean erregularrena izanda garaipena eta finala jokatzeko eskubidea lortu zuen. Bertzeek, bertze bi finalaurrekoen emaitzak itxoin beharko dituzte puntuazioaren arabera sailkatzen diren jakiteko.

Bigarren finalaurrekoa, heldu den larunbatean, martxoaren 3an jokatuko da Goizuetako udaletxeko aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, bertze sei bertsolari lehiatuko dira, Julen Zelaieta, Etxabe, Diego Riaño, Iñigo Ibarra, Jon Elizetxe eta Iñaki Aleman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun