Nafarroako Herri Kirol jolasen txapelketa heldu den igande goizean hasiko da Arbizun. Nafarroako Herri Kirol federazioak, Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera urtero antolatzen dituen Herri Kirol Jolasen txapelketa, mistoak diren hiru mailetan banatuko da, kimuak, 11 eta 12 urtekoekin, haurrak, 13 eta 14 urtekoekin eta kadeteak 15 eta 16 urtekoekin. Haur eta kadete mailetan bi txapelketa eginen dira, soka tira eta proba konbinatuarena. Azken huntan sartuko dira, koxkor biltzea, zakularien lasterketa, txingak, lasterketa arrunta eta arpana. Kimuen mailan txapelketa bat baizik ez da izanen, proba konbinatuarena hain zuzen. Haur eta kadeteen mailakoaren antzekoa izanen da baina arpanaren lana kenduz. Iaz bezala gure eskualdea ordezkatuko dute, Basaburua, Igantzi eta Arantzako taldeek. Baztandarrek talde bat aurkeztuko dute maila guzietan, igantziarrek kimu eta haurren mailetan eta, aranztarrek haur eta kadeteen mailetan baina bakarrik proba konbinatuen txapelketetan.
Guztira, 4 jardunaldi eta finala jokatuko dira. Lehena erran bezala Arbizun izanen da igandean, bigarrena berriz, martxoaren 4ean Larraintzarren. Ondoko bi jardunaldiak gure eskualdean izanen dira, martxoaren 11n Berroetan eta 18an Igantzin. Azkenik Finala martxoaren 25ean jokatuko da Berriozaren.