Enpresa haudienak zer errana ematen ari dira azken aldian. Aunitzen kasuan egoera kolokan dago eta horrek ezinegona sortu du sindikatuen eta langileen artean. Arcelor-Mittal, Condesa Taldea eta Alco dira sindikatuen hitzetan kezkarik haundiena sortzen dutenak. Hitzarmenik gabe batzuetan, hitzarmenarekin baina kolokan bertzeetan. Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdeko lantegi haundietaz aritu zaizkigu LAB, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariak.
Zalaingo tubo lantegia eta Lesakako lantegiaren historia luze eta korapilotsuak badu jarraipena. Joan den urtean Lesakako Arcelor enpresaren akzio gehienak Mittal multinazionalak erosi zituen, aldaketa ugari izan dira geroztik. Orain Frantziako hainbat lantegirekin elkartzeko asmoa ere bada. Hori, ordea, apirilean izanen da, eta horretarako estatu espainiarreko lau ordezkari joanen dira martxoan Bruselara, Arcelor-ekoak, tartean Lesakako ordezkariak ere bai. Bien bitartean, ordea, zalantza da sindikatuek duten kezkarik nagusiena, enpleguari eta industria planari dagokiona. Hasieratik kezkaz jaso zuten Arcelor eta Mittal enpresen bat-egitea sindikatuek. Julen Mitxeltorena LABko ordezkariak aipatu duenez, «2006ko urrian 46 behin behineko langileei kontratuak bertan behera utzi zikieten. Aurtengo otsailean ia erdiak berreskuratu dira, baina baldin-tza kaskarragoetan; bajan edo oporretan daudenen ordez soilik. 840 langile daude, baina prekarietateak bere horretan segitzen du».
Zalaingo tubo lantegiari dagokionez, Condesa taldearen esku dago orain. Enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek hasieratik ez zuten begi onez ikusi, eta gaur-gaurkoz 2006ko hitzarmenari buruz ez dago akordiorik. Lanuzteak eta mobilizazioak egiten dira azken hilabeteetan, eta sindikatu batzuk zein bertzeek, egoera beltz ikusten dute. ELAko Jose Mari Arribillagaren hitzetan, «negoziaziorako borroka gogorra izaten ari da». Bide beretik jo du UGTko Patxi Altxuk ere: «Condesaren egoera kaskar-kasarra da». Gisa berean, Condesan ETT enpresako langileak ere sartu dituzte, eta bide hori «nahiko eskasa» dela salatu du UGTk. Joan den otsailaren 14an Lan Ikuskaritza joan zen lantegira, eta LABek azaldutakoaren arabera, hitzarmena eta bertze eskubideak errespetatu ezean, zigor txostena zabalduko ziola ohartarazi zion zuzendariari, eta «edozein zalantzaren aitzinean, bertze urraketarik egin baino lehen berari deitzeko».
Alco lantegiaren kasuan, Txinako ekoizpena Europako merkatuan sartu izanak bete-betean eragin du bertako produkzioan. LABen arabera, «enpresa honek zuen birtualitate nagusia bere ezkutuko ekonomia zen, hainbat eta hainbat etxeetan sotoetan lanean aritzen ziren. Baina orain minimoetara jaitsi da lan mota hau». Enpresan 98 langilek dute lana, baina erretiroa hartzeko adinera hurbiltzen ari direnak bertzelako eskaintzak jasotzen ari dira lantegia uzteko. Orain hitzarmena negoziatzen ari dira.
Bertze lantegien egoeraz ez dute hauetan bezalako kezkarik adierazi sindikatuek. Halere, LAB Berako Funveraren inguruan ere mintzatu zaigu: «Ballesta merkatuaren aldaketak direla eta, lantegiak lan gorabeherak izaten ditu. 2006an denboraldiko espedientearen mehatxua egin zuen zuzendariak, nahiz eta espedienterik behar ez zela ikusi gerora. Bertze batzuetan, berriz, lan karga dela-eta korreturnos erara jartzen dira zenbait instalazio. Aldaketa horiek egoera ezegonkorraren seinale dira». Martxoaren hondar aldera hauteskundeak izanen dira lantegi honetan. UGTk, bere aldetik, Aranoko Heinneken Españaren egoera nabar dagoela dio, inbertsiorik planteatzen ez delako.
UGT SINDIKATUAREN ESKAERA
Eskualdeko industriaren garapena indartzeko asmoz, UGTk Legasa eta Doneztebe artean dagoen industriagunean beharrezkoak diren neurriak hartzeko exijitu dio Nafarroako Gobernuari. Lur horiek 20.000 metro koadro dituzte eta Arcelor lantegiarenak dira. UGTk jakinarazi zuenez, «Bazta-Bidasoa inguruan enpresa berriak jartzeko interesa dago, zehazki industriagune horretan, eta enpresa horiei behar duten azalera ematen ez bazaie Aragoira joanen dira». Hartara, Nafarroako Gobernuak Arcelor-i bere industria proiektua handitzea exijitzea nahi du UGTk, lanpostu gehiago sortuz. Bertzela, Arcelor-ek lurrak saltzea proposatu du, azalera horietan industria proiektu berriak garatu ahal izateko