• Euskal olerkigintzari lotutako Hatsa Elkartearen sortzaile izan zen Auxtin Zamora. Duela 18 urte sortu zen elkartea Senperen, eta geroztik Iparraldera eta Hegoaldera hedatu da.
• Azken bedertzi urteotan, euskal olerkarien lana batzeko asmoz, Hatsa bilduma izeneko poesia bilduma argitaratzen du urtean bi aldiz. Laster kalean izanen da hurrengoa.
• Eskolaz-eskola ere ibiltzen da Auxtin, olerkigintza haurrengana hurbiltzeko.
Noiz eta nolatan sortu zen Hatsaren Poesia olerki bilduma aitzinera eramateko ekimena?
Euskal olerkariak, bat hemen beste han, nonbati gizartearen erdian galduak zirela iruditzen zitzaidan, eta ez zutela elkar ezagutzen. Hala, ezagutzen nituen euskal olerkari guztiei olerki bilduma baten bitartez lotura bat egiteko gonbita egin nien. Lehenik, Hatsaren Poesia Eguna ospatu zen Senperen 1999an, eta 40 bat olerki aurkeztu ziren. Aurten Euskal Herri osoko 120 bat olerki idazlek hartuko dute parte bilduman, eta beste 200 bat haur eta gaztetxok, taldeka.
Liburuetan eskoletako gaztetxoen lanak ez ezik, herritar arrunt eta idazle ezagunen izenak ageri dira...
Bai, ez dugu salbuespen edo sailkapenik egin nahi. Aitonak, amonak, haurrak, idazleak, idazle ez direnak, ezagutuak eta ez ezagutuak... Denen-tzat bada tokia liburu horretan. Erraten da pertsona bakoitza poema bat dela eta hori egia dela iruditzen zaigu. Gizaki bakoitzak irudimen pertsonala du bere baitan, berea bakarrik dena, amets egiteko dohain berezia, beste nehork egiten edo idazten ez dakien sortzeko ahalmen propioa. Azken batean, poesiaren mamia libertatea da. Helburua, nehor baztertu gabe, ahal bezain bat euskaraz idazten duten olerkari guztien aztarnak urtero olerki bilduma batean azaltzea da.
Gure zonaldeko jende aunitzek parte hartzen al du?
Gu ezagutuak izan bagara, ahotik belarrira pasatutako mezuengatik izan da batez ere. Baina duela hamar bat urte, Senperen gure herriko berriak mugaz bi aldetara agertu nahian ginelarik, Ttipi-Ttaparen bitartez, Larrun inguruko eskualdeari, Malerreka eta Bortzirietako jendeari lotu ginen. Nafarroa iparraldeko txoko honetatko olerkari berri asko agertu zitzaizkigun.
Zein asmorekin sortu zen Hatsa Elkartea?
Hastapenean bere helburua poesiaren munduan, edozein motatako espresio artistikoaren bitartez norberak bere buruaren ezagutzea zen. 1999an euskarak poetika munduan funts haundia zuela ikusita, eta denbora berean bere baztertze eta galtza dramatikoa sentitzen ginuelakotz, gure ardura osoa euskaraz adierazten den olerkigintzari ematea erabaki genuen.
Poesiak eta hatsak zer iradokitzen dizute?
Hatsa hartzea, bizidun guztiok egiten dugun beharrezko egintza fisiologikoa da. Hatsa hartzen dugularik, denena den airetik dugu oxigenoa iresten, eta berriz denena den aireari itzultzen. Eta berdin poesian. Euskal gizarte osoarenak diren hitz, sentimendu eta pentsaerak hartzen ditugu eta poesiarekin, geure berezitasun eta sormenak gizarteari ordaintzen.
Etorkizunera begira, zein asmo dituzu?
Osasuna dudan arte segituko nuke urteko bildumarako olerkiak biltzen, haurrekin tailerrak animatzen. Hatsaren Poesian parte hartzen dugun guztiek, etorkizunean hasitako bidea aurrerat eramanen dugula espero dut.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!