35 urtez albinte izandako Fermin Santestebani omenaldia egin zaio

Arkaitz MINDEGIA 2007ko otsailaren 22a

Fermin Santesteban, Jose Mari Gorosterrazu Iturengo alkatea eta Jon Mikel Aragon Zubietako alkatearen artean, oroigarria jaso ondotik. TTIPI TTAPA

Abenduaren 18an bazkaria izan zuen bi herrietako udal langileekin

1969az geroztik Ituren eta Zubietako albintea izan den Fermin Santesteban Otxandorena zubietarrari omenaldia eskaini zioten bi herriotako udalek abenduaren 18an. Hogeita hamabortz urtez albinte izan ondotik, ekainaren 30ean hartu zuen erretiroa Ferminek. Tarte honetan egindako lana eskertuz, Ituren eta Zubietako udal ordezkariek eta udal langileek berekin elkartu eta bazkaldu egin zuten Zubietako Herriko Ostatuan. Herriko Etxeetako langileez gain, Makutso Iturengo txistularia ere bazkarian izan zen. Izan ere, Fermin Santesteban albintea izateaz gain txistularia ere bada, eta elkarrekin hainbat ospakizunetan musika eta giroa paratzen arituak dira Makutso eta Fermin. Bazkalondoan, bi herrietako alkateek erloju bat oparitu zioten jubilatu berri den albinteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun