Doneztebeko Herriko Etxeak hasierako onespena eman dio udalaren eta Agorreta Musika Eskolaren 2005eko aurrekontuari. 1.688.281,52 euroko diru sarrerak izanen dira eta 2.000 euro guttiagoko gastuak. Udal aurrekontua 1.559.896,89 eurokoa izanen da, gastu eta irteeretan berdindua. Langileen gastua 436.472,17 eurokoa izanen da eta inbertsioetan 455.731,81 euro joanen dira. Inbertsiorik handiena, eskolako gimnasioaren barne aldeko moldatzen eginen da, 66.951 euro; Ezpelura errekaren gainean pasabidea egiteko 37.004 euro; ur-hornidura berritzeko 37.800 euro; hilobiak erosteko 36.000 euro; Zubieta aldera oinezkoendako bidea egiteko 30.000 euro; eskola inguruko itxiera eta josteta-zelaia egiteko 29.902 euro; zabortegian eta Herriko Etxean 24.000 euroko inbertsioak eginen dira. Agorreta Musika Eskolako Patronatoak 128.384,63 euroko diru sarrerak izanen ditu eta 126.384,63 euroko gastuak, beraz 2.000 euroko superabita izanen du.