Nafarroako Gobernuak eta Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Sunbilla eta Zubietako udalek herri hauetako ur-hornidura hobetuko duen Mendaur soluzioaren bigarren faserako elkarlan hitzarmena sinatu zuten abenduaren 28an Doneztebeko Herriko Etxean. Nafarroako Gobernuaren izenean, Alberto Catalan Toki Administrazioko kontseilariak sinatu zuen eta udalen izenean bortz alkateek, Doneztebeko Ramon Etxebestek, Elgorriagako Jose Migel Galarregik, Iturengo Jose Mari Gorosterrazuk, Sunbillako Jose Mari Hernandorenak eta Zubietako Jon Mikel Aragonek. Bigarren fase honetarako 203.368 euroko ez ohiko dirulaguntza emanen du Nafarroako Gobernuak. Zubietako udala ere elkartu da egitasmora eta horregatik egin behar diren lanetarako bertze 63.079 euroko ez ohiko laguntza izanen da. Hitzarmearekin, ur hartzeko eta eramateko azpiegitura lanak eta ur-biltegi orokorra egitea lagunduko dira, baita tratamendu planta ere.
Lehenbiziko hitzarmena sinatu zenetik, guztira 2.036.684 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak Mendaur proiekturako, kostuaren %100. Mendaur egitasmoan Zubieta sartu ahal izateko, gaur egungo proiektura lotzeko behar diren aurreinstalazioak eraikiko dira. Horretarako, Zubietako Udalak Toki Administrazio Departamentuarekin elkarlana gauzatu nahi du.
Proiektuan ageri denez, ura hiru lekutik hartuko da, Zubieta, San Anton eta Ezkurra erreketatik. Puntu hauetatik ur-ponpatze estazio batera ailegatuko da eta hortik 300 metro kubikoko ur-biltegi batera. Ura tratatzeko plantatik pasatu eta gero, tratatutako ur-depositora joanen da. Bigarren deposito honek 600 metro kubiko izanen ditu, baina 1.200 metrora handitu daiteke. Azkenik, ur deposito honetatik herrietara ailegatzen diren tuboetara bideratuko da.