Nafarroako Bertso Txapelketako lehen finalaurrekoa larunbatean jokatuko da Etxarriko Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan . Huntan, Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza eta Eneko Lazkoz arituko dira Alaitz Rekondo aurkezlearen gidaritzapean. Saioko irabazlea finalerako sailkatuko da, eta bertzeek ahal bezain puntuazio onena lortzen saiatu beharko dute hunen arabera emanen diren finalerako 5 txarteletariko bat lortzeko.
Finalerdietan egin beharko duten lana hauxe izanen da. Zortziko handian, binaka gaia emanda, hiruna bertso, zortziko ttikian, binaka, ofizioka, hiruna bertso, hamarreko ttikian, binaka, ofizioka, hiruna bertso eta bukatzeko, kartzelan, puntua emanda bi bertso zortziko ttikian, eta gai bati buruz bi bertso.
Aurtengo epaiketa taldean ez da aldaketarik egonen, eta iaz bezala, Jon Abril, Mikel Bujanda, Saioa Mitxelena, Gaizka Sarasola eta Joxe Urroz arituko dira.
Finalerdien sarrerak 5 eurokoak izanen dira Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteko kideentzat, eta bertzeentzat berriz 7 euro.