Lau urte baino gehiagoko harat-honaten ondotik joan den abenduan hasi ziren Antsolokuetan babes ofizialeko etxebizitzen obra lanak. Momentuz lurra mugitzen bakarrik aritu dira baina datozen asteetan hasiko dituzte eraikuntza lanak. Eginen duten etxebizitza bakoitzak pisua, garajea eta trasteroa izanen ditu. Bi neurrikoak izanen dira. Ttikienek 85,52 metro koadro izanen dituzte eta 120.000 euro inguru kostako dira. Handienak, berriz, 90 metro koadrokoak izanen dira eta 130.000 euro inguru balioko dute. Etxarte eraikuntza enpresa da lan hauek egiten ari dena eta haiek erran digutenez hemendik bi urtera akautuko dituzte etxebizitzak. Erran behar da etxe hauek herriko jendearentzat izanen direla. 12 lagun bildu eta elkarte bat osatu dute, “Agrupación de Viviendas de Etxalar”, lurraren jabe egiteko. Hortaz, pisu guztiak hartuak daude eta herriko jendearen eskuetan gelditu dira.