Urtarrilaren 15ean, larunbatarekin, eginen da Bortzirietako bertso eskolak zazpigarren aldiz antolatutako Bortzirietako taldekako lehiaketa. Aurtengoan bertso maratoia formatuan etorriko da eta sei hirukote osatu dira. Beraz, hemezortzi bertsolari arituko dira lehian. 13:00etan eginen da lehen kanporaketa Etxalarko Kultur Etxean. Xabier Silveira lesakarrak, Oskar Goñi beratarrak eta Joseba Zugarramurdi aranztarrak osatutako hirukoteak Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Erika Lagoma eta Egoitz Telletxea lesakarrek osatutakoa izanen du arerio. Ondotik, bazkaria izanen da Berako Espidobaitan eta segidan, 15:30ak aldera, bigarren kanporaketa jokatuko da Berako elkarte horretan. Alde batetik Baztango hirukotea, Bittor Elizagoien, Jon Elizetxe eta Jon Barberenak osatutakoa izanen da eta bertzetik Lesakako hirukote bat, Manolo Arotzena, Xabier Terreros eta Imanol Lopezek osatutakoa. Leku berean, ordubete beranduago jokatuko da hirugarren kanporaketa. Hemen, hiru neskek osatutako taldeak, Estitxu Arotzena eta Estitxu Fernandez lesakarrek eta Alazne Untxalo iturendarrak eratutakoak, Juan Mari Lopez lesakarra eta Julen Zelaieta eta Garazi Taberna beratarrak izanen ditu arerio. Honenbertzez erabakiak geldituko dira bi finalerdiak. Lehenbizikoa 18:00etan jokatuko da Berako Ikuilu ostatuan eta bigarrena 20:00etan izanen da Lesakako Atxaspin. Ondotik, afaria izanen da Lesakako Linddurrenborda sagardotegian eta afalondoan finala jokatuko da, finalerdietatik ateratako bi hirukote onenekin.