Aurtengo martxoan, hauteskunde bezperan, onartu zuen Espainiako Gobernuak Lurreko Herri-Telebista Digitalen Plangintza Teknikoa. Sektoreak aspaldidanik eskatzen zuen legeren bat, nagusiki, herri telebistak egoera alegalean zeudelako. Orain, horietako gehienak, egoera ilegalean geldituko dira, eta desagertzera kondenaturik egonen dira, euren jarduerarekin jarraitzeko, derrigorrean, lehiaketara aurkeztu beharko dutelako, eta bertako baldintzak betetzea ezinezkoa izanen zaielako. Legea, beraz, berandu dator batetik, eta guztiz desegokia da, bertzetik. Egungo errealitatea ez du aintzat hartzen, eta abian diren telebistei ez die inolako erantzunik ematen. Espainiako Gobernuak egin du legea, baina autonomia erkidegoetako gobernuek dute lizentziak banatzeko ardura. PPren eskuetan dauden gobernu autonomikoak izan dira lehenbizikoak gaia mugitzen: Valentzia, Galiza, Kantabria, Nafarroako Foru Komunitatea...
Nafarroari dagokionean, 5 lizentzia baino ez dira banatuko, Gobernuak marraztutako maparen arabera: Iruñerrian, Lizarrerrian, Zangoza aldean, Tafallako eremuan, eta Erriberan. Mapa horretatik kanpo gelditu da, osorik, eremu euskalduna, eta ondorioz, inolako aukerarik gabe bertan diren bi herri telebistak, euskaraz Nafarroan emititzen duten telebista bakarrak: Ttipi-ttapa (Bortziriak eta Malerrekan) eta Xaloa (Baztan eta Malerrekan). Bi telebista hauek 1998az geroztik ari dira lanean.
Lurreko Telebista Digitalek lau kanal izanen dituzte. Lehiaketa irabazten duten telebistek kanal horietako batean gazteleraz emititu beharko dute, derrigorrean, eta eremu euskaldunean zein mixtoan bertze kanal bat euskaraz emititzeko gorde dezakete (hau, ordea, ez da derrigorrezkoa izanen). Bertze bi kanalak, berriz, bertzelako zerbitzu osagarriak eskaintzeko erabili ahal izanen dituzte.
Esleipenean hainbat baldintza ezartzen zaizkie telebistei, eta horiek agerian uzten dute komunikazio enpresa handientzat pentsatutako plana dela, eta herri mugimenduetatik sortutako herri telebistek ez dutela inolako aukerarik merkatu horretan lehiatzeko: emankizun guztiak zuzenean izan beharko dira; egunean gutienez zortzi orduz emititu beharko dute, eguerditik gauerdira bitartean; 14:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 22:00etara herriko albistegiak eskaini beharko dituzte, eta gainerako ordutegian bertzelako edukiak sartu ahal izanen dituzte. Eskuak igurtzitzen ariko dira Vocento taldeak bultzatutako herrietako telebista kate berria, Prisa, Popular TV, eta gisako bertzelako talde handiak, etekin ekonomiko itzelak lor baititzakete, orain arte guti jorratutako eremuetan. Kaltetuak, aldiz, herri ekimenetik, udaletatik, eta kulturaren ikuspegi batetik sortu ziren telebistak, benetako herri-telebistak. Enpresa irizpideak gailendu dira edukien gainetik, eta ez da aintzat hartu herri-telebistek betetzen duten funtzio sozio-kulturala (eta gurean euskararen normalkuntzan, bereziki), derragun, bidenabar, telebista guztiek bete beharko lituzketen funtzioak.
Herri-telebistek telebista generalistek landu nahi izan ez duten eremu bat jorratu dute. Horiekin ezin lehiatuz, telebista ttikiek espezializazioa gertutasunean topatu dute. Herritarrari bere herriko gertaerak hurbildu dizkiote; hizkuntza normalkuntzarako estrategikoak bihurtu dira; kultura eta ondare biltze lan itzela egiten dihardute; gure herrien XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako ikusentzunezko artxibo paregabea osatzen ari dira; eta eskualdeen kohesiorako ezinbertzeko tresna bihurtu dira, lanpostu eta dinamika berriak sortzearekin batera. Hori guztia tokian tokiko herri mugimenduen ekimenez, komunikazio talde handietatik erabat bereiz, eta inolako diru irabazi asmorik gabe, itzelezko zailtasunekin ia beti, eta konpromisozko lan handia gibeletik dutela.
Baina lege berriarekin herri-telebista ttikienak egin du. Telebistak itzali beharrean izanen dira, eta lehenbizikoak, gainera, euskarazkoak izanen dira. Trukean, orain arte telebistek eskaintzen digutena jasoko dugu etxean: edukiak merkataritza interesen araberakoak izanen dira; Madrildik agindutakoak, eta ez gure herrietan diseinatutakoak; euskara baztertua geldituko da (edo norbaitek itxaropenik badu Vocento, Prisa eta bertzelako talde handiek euskarazko produkzio duinik sortuko dutenik dirulaguntzarik gabe, eta legeak behartzen ez baditu?); eta bertako aktore eta protagonistak desagertuko dira: herri ekimena. Gainera, euskarazko herri-telebista batek aitzin egiteko ahalmenik balu, derrigorrean gazteleraz emititu beharko luke, eta administrazioetatik dirulaguntzak jasotzeko iturria itxia izanen luke. Jakin badakigu, ezinbertzean, administrazioetatik hizkuntza politiken baitan, dirulaguntzak jaso beharrean direla telebista hauek aitzin egiteko. Orain jasotzen dituztenak baino gehiago beharko lukete, eta inondik ere diru iturriak gehiago estutu.
Horregatik guztiagatik, Aralarretik, errotik egin beharreko aldaketak aldarrikatzen ditugu plangintza honen aitzinean, Nafarroaren kasuan, euskarazko eremuan azpieskualde berriak sortuz (Sakana-Larraun-Araitz-Basaburua-Ultzama-Leitzaldea bata, eta Baztan-Bidasoa bertzea), eta herri mugimenduetatik sortutako telebistei tratamendu berezia eta berezitua emanez. Funtsean, mapa osatzeko tenorean dagoen errealitea aintzat hartzea ezinbertzekoa da. Orain urte batzuk irrati lizentziekin gertatu bezala, iruzurra, interes komertziala eta kulturaren aurkako erasoak errepikatuko dira, Xorroxin Irratiarekin, bere garaian, eta oraindik moldatu gabe dagoen Euskalerria Irratiarekin gertatutako egoera mingarriak errepikatuko baitira. Ez diezazkigutela itzali gure telebistak.
Txentxo Jimenez eta Jon Abril. Aralarreko parlamentaria eta zinegotzia