Larretxea, Erasun eta Rekondok txapela janzteko hitz ordua dute larunbatean

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Eginbeharreko lanak orain arte egindakoak baino zailagoak izanen dira Azpeitian

Binakako Urrezko Aizkora txapelketako finalak larunbatean jokatuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Helduen, zein gazteen mailan, eskualdeko ordezkariak izanen ditugu.

23 urte azpiko mailan, Ander Erasun eta Jon Rekondo, Aitzol Atutxa eta Unai Aldaperen aurka neurtuko dira. Finalerako lana, ordu arteko saioetan egindakoa baino handiagoa eta zailagoa izanen da. Guztira txapela jauntzi ahal izateko 13 enbor moztu beharko dituzte ahal bezain laster. Lehen proban, 45 ontzako bat kolpeka moztu beharko dute. Bigarrenean, erlojuaren aurka, bi 45eko. Hirugarren proban zutikako enborra izanen dute mozteko, 54 ontzakoa hau. Laugarrenean, berriz 72ko bat, baina hau etzanda. Azkenaurreko proban bi 36 ontzako dira moztu beharko dituztenak, bata etzanda eta bertzea zutik. Azkenik, iraupeneko proban 6 enbor izanen dituzte, lau 54 ontzakoak eta bertze bi 60 ontzakoak. Orain arte erakutsitako mailari begiratuta, bizkaitarrak dira faboritoak, baina final erdian nafarrak oso ongi ibili ziren iazko txapeldunak kanporatu zituztelarik. Hortaz, erran daiteke aurtengo txapelaren janzteko gai direla.

Maila nagusian ere izanen dugu gure eskualdeko ordezkari bat, Donato Larretxea hain zuzen. Jose Juan Barberenarekin batera, Floren Nazabal eta Juan Jose Lopezen aurka lehiatuko da. Hauek egin beharreko lana finalerdietakoaren antzekoa izanen da. Aldaketa bakarra iraupeneko proba egonen da. Hasteko 45 ontzako bat moztu beharko dute ahal bezain kolpe guttirekin. Ondotik berriz, erlojuaren aurka bi 45 ontzako. Hirugarren proban zirkunferentzian 2 metro dituen zutikako enborra moztu beharko dute. Laugarren lana, 72 ontzakoa etzanda izanen da. Azkenaurreko proban zutikako eta etzandako bana enbor moztu beharko dituzte, biak 54 ontzakoak. Iraupeneko proban, ohi bezala 6 enbor izanen dituzte, baina ohi baino handiagoak, 54, 60 eta 72 ontzako bina hain zuzen. Maila huntan zaila da erratea zein diren faboritoak, adituek diotenez, Nazabal eta Lopezek bikote orekatuagoa osatzen dute, baina bertze aldetik, Donato Larretxea osasuntsu omen dabil. Hortaz helduen mailan ere final irekia ikusten ahalko da Azpeitian

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun