•Bai Euskarari Akordioa Bortzirietan gauzatzeko lanean hasiak dira Iñaki Iratzoki beratarra eta Eneko Fernandez lesakarra.
• Euskararen aldeko konpromisoak biltzen hasi dira, Eneko Arantza, Igantzi eta Lesakan eta Iñaki Bera eta Etxalarren.
• Bi hilabetez arituko dira bisitak egiten. Gero, martxo aldera, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ziurtagiriak banatuko ditu konpromisoa hartu duten eragileen artean.
Noiz eta nola hasi behar duzue Bai Euskarari Akordioa Bortzirietan gauzatzeko lanean?
Lehenik aipatu behar da abenduaren 15ean egin zela aurkezpen ekitaldia, gizarte eragileen aurrean. Lehenbiziko pausua da ekitaldi horretara agertu ez zirenei eskutitza bidaltzea, nondik nora joan behar dugun jakiteko. Hurrengo pausua eragileekin harremanean jarri, bildu eta Bai Euskarari Akordioa eta ziurtagiriak zer diren aurkeztea izanen da eta azkenik, konpromisoak hartzea.
Nola banatu duzue lana, nondik hasiko zarete?
Gure lana herrika banatu dugu eta lehenbiziko elkarteetara joko dugu, batipat gero beraiek ere elkartu beharko dutelakoz erabakia hartzeko. Gero, merkataritza alorra landuko dugu, ikastetxeak, enpresa ttikiak… Enpresa handiak, osasun zentroak eta partikularrak kenduta, bertze erakunde guzietara ailegatu nahi dugu.
Arestian aipatu duzuen aurkezpen ekitaldira 80 eragile baino gehiago agertu ziren. Konpromiso edo ziurtagiri kopuruan helburu zehatz bat jarri diozue zuen buruari?
Inguru honetan Saran, Baztanen eta Leitzan ere egin da. Leitzan hagitz ongi atera zen eta uste dut 50 ziurtagiri inguru banatu zirela. Hemen zer izanen den ez dakigu, martxo hasieran ikusiko da, baina aurkezpen ekitaldira agertutako jende kopurua seinale ona izaten ahal da, ikusten baita jendeak interesa baduela. Kontseiluko kideekin egindako bileran aipatu digutenez, orain arte egindako aurkezpenik arrakastatsuena izan da Bortzirietakoa, orain ikusiko da horrek eragina duen konpromisoetan…
Bortzirietan euskara zer egoeratan dagoela iruditzen zaizue?
Euskararen ezagutza maila handia dago Bortzirietan, baina gero ez da erabiltzen, edo ezagutzaren aldean hagitz gutti erabiltzen da. Kanpaina honek erabileran laguntzen ahal du, jendeak euskaraz egitea gero eta gehiago, baita idaztean ere, jendeak ahoz egiten duen hori paper gainean jartzea.
Zer egin behar du Bai Euskarari Akordioaren ziurtagiria lortu nahi duen erakunde batek?
Lehenbiziko guk deituko dugu eta bilera eginen dugu. Erakunde horren hizkuntz egoeraren azterketa bat eginen dugu eta horren arabera, euskararen normalizazioaren aldeko konpromisorik hartzen ahal duen edo ez eta hartzekotan zein konpromiso hartzen ahal duen ikusiko dugu. Konpromisoaren arabera hiru ziurtagiri mota daude.
Orain hartzen diren konpromisoak urtero aztertzeko asmoa dago?
Bai, Kontseilutik etorriko da jendea konpromisoak bete diren edo ez ikustera. Ez bada betetzen ziurtagiria kenduko da eta bete baldin bada mantendu edo, konpromiso handiagoa nahi bada, bertze mota bateko ziurtagirira promozionatzeko aukera izanen da.