Bortzirietako eskuz banakako txapelketaren finalak jokatu ziren

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Bortzirietako eskuz banakako txapelketaren finalistak ageri dira argazkian, gustora beraien txapel eta sariak eskuratu ondotik. TTIPI TTAPA

Zortzi partida jokatu ziren Igantziko pilotalekuan urtarrilaren 16an

Urtarrilaren 16an jokatu ziren Bortzirietako laugarren eskuz banakako txapelketaren finalak Igantziko pilotalekuan. Guzira 87 pilotarik hartu dute parte txapelketan, ttikien eta haurren kategorien artean eta bertze 9 pilotarik pixko bat beranduago hasi zen kadete mailan, guzira 96 pilotari.

Ttikien mailan, Lesakako Arkupeko Ander Legasak 16 eta 14 irabazi zion, Igantziko Biltokiko Oihan Canabalen kontra, partida gogorra eta lehiatua eskaini ondotik.

Umeak B mailan, Berako Gure Txokoako Ander Errandonea 16 eta 7 ongi nagusitu zitzaion Igantziko Biltokiko Joseba Bertizi.

Umeak mailan, Lesakako Arkupeko Unai Zamorano Igantziko Biltokiko Unai Telletxea baino gehiago izan zen eta 16 eta 4 irabazi zion.

Kimuak B mailako finalean, Igantziko Biltokiko Adur Yanci Berako Gure Txokoako Aitor Escaguesen kontra aritzekoa zen, baina azken honek ohatzean gelditu behar izan zuen sukarrarekin. Bere ordez, Arantzako Markel Jorajuria aritu zen. Adur Yancik 18 eta 9 irabazi zion Markel Jorajuriari.

Kimuak mailan, Lesakako Arkupeko Mikel Maiak 18 eta 12 irabazi zion Igantziko Biltokiko Eneko Telletxeari. Emaitzak erakusten duena baino borroka handiagoa izan zen partidan eta tantu ikusgarriak ikusi ziren.

Haurrak B mailan, Berako Gure Txokoakoak izanen ziren bi finalistak: Alex Eizagirre eta Xamal Vazquez. Final guzietako partidarik orekatuena eskaini zuten eta azkenean Xamal Vazquezek 18 eta 17 irabazi zion Alex Eizagirreri.

Haurrak mailan, Igantziko Biltokiko Beñat Txoperenak 18 eta 8 irabazi zion Lesakako Arkupeko Xabier Susperregiri. Kadete mailan, azkenik, Igantziko Biltokiko Imanol Goienetxek 18 eta 3 irabazi zion Etxalarko Altxatako Iurgi Berruetari.

Finalen ondotik, sariak eman zitzaizkien txapelketan parte hartu duten pilotari guziei eta ondotik, pilotari, guraso eta erakusleek bazkaria izan zuten La Villa jatetxean. Binakako eta banakako txapelketak jokatu ondotik, lanean segituko dute Bortziriak pilota elkarteko pilotari gaztetxoak. Honela, Belatek eskualdeka antolatutako binakako txapelketan parte hartzen hasiak dira, baita Zizurren jokatzen den lau terdiko txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun