«Txapel guziek ilusioa egiten didate, denak izerdia kostata irabaziak dira»

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

• Binakako erremonte txapelketaren finala irabazi zuen urtarrilaren 15ean Migel Mari Urrutia saldiastarrak, aurrean Zeberio II lagun zuela.

• Urrutiak 21 urte bakarrik ditu eta oraindik ez ditu bi urte egin profesionaletan, baina pixkanaka lekua egiten ari da handienen artean.

• Sakea da bere armarik zitalena eta «errebotearekin ere kontent nabila». Binaka irabazi ondotik, ez du bere burua banakako txapelarekin ikusten: «Hori salto handia da! Oraingoz estelarretan muturra sartu nahiko nuke».

Patxi Zeberioren bikotea izanik, hasieratik faboritoen zerrendan sartu zituztela aipatu digu Migel Mari Urrutiak. Baina beretzat lehen txapelketa handia zenez, zalantzak zeuden horrelako konpromisoetan eman zezakeen mailari buruz. «Beste bikoteek urteak dituzte goi mailan eta ni gaztea naiz, horregatik ez zitzaidan iruditzen faborito ginenik, baina azkenean irabazi!». Partidaren hasieran ez zuen Altuna gainditzea lortu, baina gero partidan sartu eta bederatzi tantu sakez egin zituen.

22 urte beteko ditu maiatzean eta duela bi urte eskas debutatu zuen profesionaletan Saldiasko atzelariak. Orduko Urrutiatik gaur egunekora badira aldaketak: «Denean zerbait hobetu dut: sakea, segurantza, pilota gutxiago galdu, hobekiago kokatu, jokua eta maila pixko bat hobetu dudala iruditzen zait. Hasieran partidan sartzea kostatzen zitzaidan, korredoreak somatzen nituen, jendearen buila… Orain ohitu egin naiz eta ez ditut entzuten ere!».

Binakako txapel ofiziala izan da, noski, Urrutiak irabazi duen handiena eta ilusiorik handiena egin diona, baina azken urte erdia batez ere emankorra izan da sarietan: «Lehenbiziko txapela San Ferminetakoa izan zen, Zeberio I.arekin. Gero, Larrearekin Kasino Kursaal irabazi nuen, txapelketa garrantzitsua. Altuna II.arekin Huarteko txapelketa irabazi nuen eta Ezkurrarekin Eguberrietako txapelketa. Orain txapelketa ofiziala irabazi dut Zeberio II.arekin eta pozik! Denak ilusio handia egiten didate, denak izerdia kostata lortuak dira. Azkenekoa garrantzitsuena da, fama handikoa, baina ilusioa denak!».

Zenbait komunikabidetan etorkizuneko atzelaria bera izanen dela agertu da eta lore horiek poz handia ematen diote Urrutiari. Txapelketako finalerdian, gainera, bere irakasle izandako Lizaso menpean hartu zuen: «Lizaso Lizaso da eta beldur pixko batekin atera nintzen jokatzera. Bera ikaragarri aritzen da, baina azkenean irabaztea lortu genuen eta poza! Horrelako pilotari bati irabaztea…».

Erremontea frontoi laburrean

Galarreta eta Uharteko pilotaleku luzeetatik kanpo, azken aldian Labriten eta frontoi laburretan ere jokatzen hasiak dira. Hori ez zaio arrotz egiten Urrutiari, Saldiasko pilotalekuan ere aritzen baita lagunekin. «Gustora aritzen naiz, joku biziagoa da eta material motelagoarekin emaitza polita ematen du… Erreflejo eta abiadura gehiago behar dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun