Ipar Euskal Herriko laborantza ganbera egia bihurtu da berriki Ainhize-Monjolosen (Nafarroa-Behera). Momentuz ez du ezagupen ofizialik izanen bainan ELB sindikatutik hurbil den egitura hori lanean ariko da laborarien aferak kudeatzeko eta laguntzeko. Badira 20 urte ELBk Iparraldeko laborantza ganbera sortzea galdetzen zuela, bere ustez, Paueko ganberak ez baititu kontuan hartzen euskal laborantzaren berezitasunak. Inaugurazioak interes handia piztu zuen Pirineo-Atlantikoetako prefetak mehatxuak egin baitzituen egitura alternatibo huntako sortzaileen kontra, bere ustez, legez kanpokoa baita.
Dena den, Senperealdeko hautetsi eta herritar ainitzen sustengua izan du elkarte berri hunek. Andere auzapeza eta zonbait herriko kontseilarik parte hartu zuten egitura hunen inaugurazioan. Christine Bessonart auzapezak dio deusik ez duela gelditzen zerbaitetan zinez sinesten duelarik. Ika-mikak izan ditu janeko prefetarekin Batera plataformari diru laguntza bat emateagatik bainan bere ustez ez da beldurtu behar Laborantza ganbera bezalako proiektuak lagundu behar direlakotz. Bessonart-en arabera Parisek erantzun bat eman behar zuen aspalditik laborarien galdereri. Eskualdeko bertze hautetsi batzuek ez dute batere ideia bera. Daniel Poulou Lapurdiko diputatuak dio ganbera berriak itxura politikoegia duela. Bere ustez, laborariek denbora gehiago egon behar zuten laster SUAT egitura sortuko baita euskal laborantza laguntzeko baliabide haundiekin. FDSEA sindikatuak SUATaren baitan nahiago du lan egin eta beraz ez du parte hartuko ELBko zonbait kidek sortu duten Euskal Herriko Laborantza Ganberan.