Oinezkoendako bidea egin gogo dute Doneztebe eta Zubieta artean

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Doneztebe, Elgorriaga, Ituren eta Zubietako udalak «Uraren Bidea» gauzatzeko elkartu dira

Doneztebe, Elgorriaga, Ituren eta Zubietako udalak lau herri hauek lotuko dituen «Uraren Bidea» sortzeko asmoz bildu dira. 7,4 kilometroko ibilbide hau oinezkoendako eta bizikletendako izanen da eta gehiena Ezkurra errekaren ondotik joanen da, gaur egun dauden bideak aprobetxatuz. Basarteak egindako proiektuaren memoria onartu dute dagoeneko eta 220.380 euroko aurrekontua kalkulatu dute. Lau udalek ordaindu beharko dute, bakoitzak izanen duen bide zatiaren arabera. Zatirik handiena Iturenen izanen da eta 90.674 euro ordaindu beharko ditu; Doneztebek 74.550 euro ordaindu beharko lituzke, baina zurezko zubi bat ere eginen denez, bertze 33.786 euro ordaindu beharko ditu; Elgorriagak 35.253 euro ordainduko ditu eta Zubietak 19.902 euro. Proiektua Nafarroako Gobernuaren Turismo Departamentuari aurkeztuko zaio, dirulaguntzak lortu ahal izateko eta bizpahiru urtetan akitzea espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun