Joan den urtarrilaren 8an bertso afaria izan zen Ulibeltzak elkarteak antolatuta, eta Lanku eta Euskadiko Kutxaren laguntzarekin. Lau bertsolari aritu ziren: Angel Mari Peñagarikano, Amets Arzallus, Xabier Silveira eta Estitxu Arozena. Gaiak jartzen Patxi Larretxea aritu zen. Kasik goizeko ordubiak arte aritu ziren bertsotan eta ederki gozatu zuten afaltzera bildu ziren 62 lagunek. Saio bikaina eskaini zuten lau bertsolariek eta erran behar da gaiak jartzen ere asmatu zuela Patxi Larretxeak.
Lanku taldeari buruz, aipatu behar da Euskal Herria osoan prestatzen dituzten bertso saioen artean hamalaugarrena zela Sunbillakoa eta erran zutenez, hau izan zen saiorik hoberena nahiz bertsoen maila aldetik, nahiz giroaren aldetik. Beraz, denak gustora gelditu ziren. Eta zorionak eman behar zaizkio Ulibeltzak elkarteari, azken bolada honetan bezala segi dezala ekitaldiak antolatzen aunitz urtez.