Nafarroako Gobernuko dirulaguntzen murrizketa salatu dute udal ordezkariek

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Ramon Etxebeste Doneztebeko alkatea, Mikel Petrirena Malerrekako Mankomunitateko presidentea, jarraipen batzordeko Patxiku Irisarri. Iñigo Iturralde Baztango zinegotzia eta Vicente Arotzena, Bortzirie

Dirua beti euskarari eta kulturari kentzen zaiela lehenbizi gogorarazi zuten

Nafarroako Gobernuak urte honetan euskararendako diruak %40an murriztuko dituela-eta, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako udal ordezkariek prentsaurrekoa eskaini zuten urtarrilaren 14an Doneztebeko Herriko Etxean jokabide hori salatzeko.

Ramon Etxebeste Doneztebeko alkatearekin batera, bertze lau udal ordezkarik parte hartu dute prentsa-agerraldian: Baztango Udalaren izenean Iñigo Iturralde euskara zinegotziak, Bortzirietako Euskara mankomunitatearen izenean Vicente Arozena presidenteak, Malerrekako Mankomunitatearen izenean Mikel Petrirena presidenteak eta Nafarroako Gobernua eta zenbait toki-entitatek udal esparruan euskararen erabilera normalizatzeko lankidetza hitzarmenaren Jarraipen Batzordean hiru eskualdeotako ordezkari den Patxiku Irisarri zinegotziak.

Salaketaren arrazoiak esplikatuz abiatu zuen prentsaurrekoa Patxiku Irisarrik.

Baztanen euskararen eragile diren azpiegituren errepasoa eginez abiatu zuen bere txanda Iñigo Iturralde baztango zinegotziak, eta erakunde horiek guztietan Nafarroako Gobernuaren murrizketak izanen duen eragin kaltegarria salatzeko aprobetxatu zuen.

Bortzirietako egoeraren errepasoa egin zuen ondotik Vicente Arozena, Euskara Mankokunitateko lehendakariak. Bortzirietako euskaltegia, ttipi-ttapa telebista eta Labiaga ikastolak bizi duten egoera latzaren aipamena egin bidenabar, Nafarroako Gobernuak euskararen diruak murrizterakoan arazoa udalei pasatu egiten diela salatu zuen. Hala ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskararen alde duen konpromisoari eutsiko diola azpimarratu zuen.

Eta azkenekoz, Malerrekako mankomunitatearen presidenteak, Mikel Petrirenak hartu zuen hitza. Petrirenak bere aitzinetik beste ordezkariek adierazitako berea egiteaz gain, Malerrekako egoerari egin zion errepasoa. Euskararen aldeko egiazko ahalegina, herriak egiten dutena dela azpimarratu zuen, eta era berean, Nafarroako Gobernuaren jarrerak euskalgintzan ari diren erakundeei egiten dien kaltea salatu zuen.

Nafarroako Gobernuak murrizketak egiterako orduan, euskara eta kulturarekin hasten direla beti azpimarratu zuten ordezkariek: «Beti bigarren mailan izan dira, anai pobreak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun