Otsaileko lehenengo egunekin ailegatuko dira imauteriak

Joseba eta Nerea 2007ko otsailaren 22a

Otsailaren 8an, asteartearekin, aterako dira karrozak egun handian

Otsailaren lehenengo egunekin ailegatuko dira inauteriak. Otsailaren 3an ospatuko dute herriko ttikienek beraien iñaute eguna. Ortzegun gizena egun berezia izaten da haurrentzat, goizetik eskean ibiltzen dira etxez etxe urtats eskaka. Arratsaldean, berriz, azkeneko aste hauetan entsaiatzen aritu diren antzezlana plazaratuko dituzte herritarren eta Arantzako eskolako haurren aitzinean. Haur Hezkuntzakoek “Gantzagorri langileak” eskainiko dute, Lehenengo ziklokoek “Erregearen Froga”, bigarren ziklokoek “kastafioriren bitxiak” eta hirugarren ziklokoek “Baratzeko animalien borroka”. Antzerki hauek karrikaz karrika antzeztuko dituzte eta Antsolokuetarako prestatu dutena sorpresa izanen da. Egun hau bukatzeko haur guztiek berendua izanen dute trikitixa doinu alaiez lagundurik.

Ortzegun gizen eguna haurren inaute eguna bada ere, helduen inauteriak astelehenean hasiko dira. Egun horretan hainbat gazten bilduko dira baserriz baserri eskean ibiltzeko. 8:30etan Elutsa ostatuan gosaldu eta gero bi taldetan banatu eta goiko eta beheko auzotako baserrietara habiatuko dira. Eguerdian, Armitxen beheko auzoetakoek eta Santsiñeneko bordan goiko auzoetakoek bazkalduko dute arratsaldeko azken txanpari ekin baino lehen. Eta arratseko 8ak aldera iritsiko dira herrira, denak elkartu eta Anttonio jatetxean izanen den afariarekin eguna akautzeko.

Asteartean inauterietako egun handia ospatzen da, hau baita karrozen eguna. Eguerdiko 12etan hasiko dira hainbat mozorro eta orga plaza ingurura hurbiltzen herriari itzulia egiteko. Eta 2:30ak aldera Herriko ostatuan bazkalduko dute desfilean parte hartu duten hainbat lagunek, gorputzak agoantzen duen bitartean luzatuko dute inauterietako azken eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun