Nafarroako erretiratu eta pentsiodunei zuzendutako Hirugarren Adinerako Bainuetxeen aurtengo Programarako eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 31 arte irekia dago. Programa honetan parte hartzeko interesa dutenek, egun hori baino lehenago jo beharko dute beraien eskualdeko Osasun Zentrora, Oinarrizko Gizarte Zerbitzura edo Iruñean, Gizarte Ongizateko Institutuko erregistrora. Programari buruzko xehetasunak leku hauetan edo 012 telefonora deituz eskuratzen ahal da.
Nafarroako Gobernuak, Ongizate, Kirola eta Gaztedia Departamentuaren bidez eskaintzen duen programa honetan 2.095 leku eskainiko dira. Erretiratu edo pentsiodunek, beraien senar-emazteekin Seron (Zaragoza), Arnedillo (Errioxa) eta Fiteroko bainuetxetara joateko aukera izanen dute. Zehazki, Fiteron 1.675 leku eskainiko dira, hamabi eguneko hamabortz txandatan banatuak, martxotik apirilera eta uztailetik azarora; Seronen 320 leku eskainiko dira, hamar eguneko bortz txandatan banatuak uztailetik irailera; eta Arnedillon, 100 leku eskainiko dira, hamar eguneko bi txandatan banatuak martxotik irailera. Iaz bezala, ehun leku gorde dira kasu berezietarako, hau da, beraien diru-sarrerengatik horrelako zerbitzuak ordaindu ezin dutenendako.
2005. urtean Nafarroako Gobernuak 409.000 euro bideratu ditu programa honetarako eta leku bakoitzaren %40a ordainduko du. Gainerako %60a erabiltzaileak berak ordaindu beharko du. Gisa honetara, leku bakoitzarengatik erretiratuak 326 euro ordaindu beharko du Arnedillon, 340 Fiteron eta 342 Seronen.