Etxeko hondakin berezien bilketa abiatuko da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Pilak, beirazko ontziak, enbaseak, etxe eta komertzioetako paper eta kartoiak, neurri handiko trasteak eta siloetako plastikoak biltzen dituzte jada Emauseko Traperoek. Orain, otsailetik aitzinera, sukaldeko olioa eta etxeetako hondakin bereziak ere bildu

Ez da erraza zifrak ematea, baina generalean, hondakinen sorrera Barne Produktu Gordinarekin zuzenean erlazionaturik dagoela ageri da eta, beraz, zenbat eta BPG handiagoa, orduan eta zabor gehiago sortzen da. Zifra orokorren arabera, ipar amerikar batek egunean bi kilo zabor sortzen ditu; hau da, Europako eta Japoniako batezbestekoa baino bat gehiago. Bistan denez, garatu gabeko herrialdeen kontsumo urriak hondakin gutiago izatea eragiten du: 100 eta 500 gramo bitarte egunean pertsonako. Eta horrekin batera kontuan izan behar da gaur egun 6.000 milioi lagun bizi garela Lurrean eta hori kopuru kezkagarria dela. Eta arazoa ez da hor bukatzen! Etxeko zaborretatik datozen hondakinei industriak sortzen dituenak gehitu behar zaizkie: guti gora-behera, Japonian langileko 8 kilotik gora sortzen da egunean, hau da, etxean baino zazpi kilo gehiago.

Kontuak horrela, zaborrera joaten dena murriztea izan behar dugu helburu, eta erabili eta botatzekoak diren materialik (edalontzi, plater eta poltsarik) ahal dela ez erosi, pakete gehiegi dutenak saihestu eta ontzi familiarrak hautatzea, produktu fresko eta pisura saltzen direnak erostea, eta ontziak, arropa, liburuak, altzariak edo jostailuak berrerabili edo trukatzea.

Horrekin batera, ingurumena modu egokian babesteko, zaborren tratamenduak eta birziklatzeak berebiziko garrantzia du. Exenplu modura, tona bat paper birziklaturekin 15 zuhaitz heldu botatzea ebitatzen da.

Jendearentzat eskurago eta guztiontzat merkeago

Herri ttiki ugari eta eremu geografiko zabala dugula kontuan hartuta, zailagoa eta garestiagoa litzateke hondakin bereziak biltzeko han eta hemen bizpahiru biltegi antolatu eta mantentzea. Horregatik, hiri handietan prestatzen diren puntu berde edo garbiguneen modeloa alde batera utzita, etxeko hondakin bereziak biltzeko egokiena kamioia dela pentsatu dute udal agintariek. Manera horretan, zerbitzu berri hau jendearentzat eskurago jartzea bilatzen da, eta bidenabar, gestio gastua merketzea. Eta itxura denez, sistema berri honek jakinmina sortu du egoera berdintsuan dauden bertze eskualdeetan.

Orduak eta egunak markatuta dituen egutegiak banatuko dira etxe guztietara

Ondoko koadroan ikusiko duzuenez, 8 ibilbide desberdin antolatu dira sukaldeko olioa eta etxeko hondakin bereziak biltzeko; Baztanen hiru ibilbide, Malerrekan bertze hiru eta Bortzirietan bi. Beti ere, larunbat goizetan ibiliko da kamioia herriz herri, eta herri bakoitzari dagokion eguna eta ordua zuzen jakiteko, etxe guztietara paretan jartzeko egutegi bat bidaliko da. Komeni da egutegi hori begibistan zintzilikatzea, duen informazioaz gain, 2 lagunendako bidai baten zozketan sartuko den zenbakia idatzita izanen duelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun