Doneztebeko Juanma Jardin taldea garaile Baztan-Bidasoako areto-futbol txapelketan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Doneztebeko Juanma Jardin ongi nagusitu zen herriko kiroldegian jokatutako finalean. TTIPI TTAPA

4-1 irabazi zion finalean Elizondoko Goizalde Ostatuari

Urtarrilaren 23an jokatu ziren Doneztebeko kiroldegian Baztan-Bidasoako XII. areto-futbol txapelketako azken partidak. Lehenik, hirugarren posturako lehia jokatu zuten Doneztebeko Titi Ostatuak eta Arraiozek. Doneztebeko gazteak aisa nagusitu ziren partida honetan, 5 eta 1 irabazi baitzuten.

Ondotik, jokatu zuten final nagusia Doneztebeko Juanma Jardin taldeak eta Elizondoko Goizalde Ostatuak. Berdintasun handia espero zen, baina partida osoa baldintzatu zuten doneztebarrek partida hasi bezain abudo sartu zituzten bi golek, Belarra eta Patxikuren bitartez. Honek, Juanma Jardinekoei gibelean espetzeko aukera eman zien eta kontraerasoan arriskua sortzeko modua izan zuten. Goizaldekoek nahi eta ezinean ibili ziren kasik partida osoan. Baloia ongi mugitu zuten, esperientzia soberan baitute baztandarrek, baina zirrikiturik ez zuten topatu doneztebarren gibelaldean eta gainera, bizkarra zaindu beharra zuten partida erabat ez erabakitzeko

Bigarren zatia ere ildo beretik hasi zen, baina gol aukera garbiagoak izan ziren bi ate inguruetan. Hiru eta hutsekoa Jokin Apezetxeak egin zuen kontraeraso azkar batean.

Baztandarrek, dena galdua ikusi zutenean itsu-itsuan jo zuten erasora eta Aitor Azkaratek gol ederra egin zuen. Finala Doneztebe aldera bideratua zegoen ordurako, baina elizondarrek ez zuten etsitzen. Goizaldekoen bigarren gol batek oraindik partidan sartuko zituen gorriak, baina ez zen halakorik gertatu, alderantziz baizik. Belarrak finaleko bere bigarren gola eta Juanmakoen laugarrena egin zuen, finala eta txapelketa erabakiz, 4-1.

Finalaren ondotik, sari banaketa egin zen. Juanma Jardin txapeldun, Goizalde bigarren, Titi hirugarren eta Arraioz laugarren. Horretaz gain, bertze sari ttikiagoak eta banakakoak banatu ziren. Juan Telletxea Juanma Jardineko atezainak eraman zuen finaleko jokalari onenaren saria. Golegile nagusia Zigako Patxi Barberena izan zen, atezainik onena Haizegoa Ostatuko Angel Urtxegi, erregularitatea Arraiozeko Agerreberek eskuratu zuen eta kiroltasunaren saria Gartzainek.

Aipatu behar da aurtengo txapelketan erabaki direla hurrengo denboraldian lehen mailan eta bigarren mailan arituko diren taldeak. Honela, lehen mailan arituko dira Juanma Jardin, Goizalde Ostatua, Titi Ostatua, Arraioz, Haizegoa Ostatua, Irurita, Gartzain, Ematzuplay, Intza Ostatua eta Ziga. Bigarren mailan berriz, Saskarrak. Xanpale, Taska Olaetxea, Zubieta, Sasoi Eskabazioak, Menditxuri, Ezkurra, Narbarte eta Beti Ziroka arituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun