Presidentea aukeratzeko hauteskunde prozesua ireki du berriz ere Federazioak

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Fernando Etxegarai beratarrak Nafarroako eta Euskal Herriko errekorra hobetu zuen joan den urtean. TTIPI TTAPA

124.468 euroko aurrekontua izanen du aurten Nafarroako Herri Kirol Federazioak

Urtarrilaren 22an egin zuen urteko ohiko batzarra eta berriz ere lehendakari berria hautatzeko hauteskunde prozesua onartzeko ez ohiko batzarra.

Ohiko batzarrean, iazko kirol balantzea eta balantze ekonomikoa aurkeztu eta onartu ziren. 2004an antolatutako ekitaldiem zerrenda, Nafarroako txapelketen xehetasunak eta emaitzak, lizentzia kopuruak eta ezarritako errekorren berri eman zen. Lizentzia kopuruari dagokionez, helduetan 214 lizentzia eta Nafarroako Herri Kirol Jolasetan 179 atera ziren iaz. Bortz marka berri ezarri ziren joan den urtean: arpana txapelketan Josetxo eta Iñaki Barberenak, ingude altxatzen Xabi Sein igantziarrak 89 altxaldi egin zituen, koxkor biltzen Fernando Etxegarai beratarrak 5 minutu, 57 segundu eta 62 ehunekotan egin zuen bere lana eta lasto altxatzen Iñaki Bereau igantziarrak 22 altxaldi egin zituen. Nesken txinga eramate txapelketan ere, Ainhoa Mazkiaranek errekor berria egin zuen.

Joan den urteko kontuak 8.953,18 euroko irabaziekin itxi zituen Herri Kirol Federazioak, 121.078,90 euroko gastuak eta 130.032,08 euroko diru-sarrerak izan baitzituen. 2005. urteko diru sarrera eta irteerak, berriz, 124.468,38 eurokoak izanen dira. Urtero antolatzen dituen Nafarroako txapelketa, torneo eta sariak antolatzeaz gain, dagozkion Euskal Herriko txapelketak ere antolatuko ditu Nafarroako Federazioak. Aurten, Sega kanporaketa, neska eta mutilen koxkor biltze txapelketak, neska eta mutilen arpana txapelketak eta aizkolari gazteen txapelketak eginen dira Nafarroan. Horretaz gain, aizkora eta arpanari buruzko liburuxka ere argitaratuko du Herri Kirol Federazioak.

Ez ohiko batzarrean berriz, lehendakari berria hautatzeko hauteskunde prozesuko egutegia berriz ere irekitzea onartu zen. Aitzinekoan ez zen inor aurkeztu eta oraingoan, lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea otsailaren 8tik 10era izan da eta prozesua otsailaren 28a arte luzatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun