Otsailaren 6tik martxoaren 16ra arte zabalik egonen da Nafarroan usoa kontrapasan ehizatzeko denboraldia. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentutik jakinarazi duenez, tarte horretan, egun guzietan ehizatzeko modua izanen da horretarako baimena duten 500 postuetan, eguzkia ateratzen denetik gordetzen den artio. Postu bakoitzean gehienez bi ehiztari egon daitezke eta ehiztari bakoitzak ezin ditu egunean lau uso baino gehiago ehizatu. Kontrapasa sasoi osoan gehienez 3.000 uso botatzen ahal dira Nafarroan eta kopuru horretara martxoaren 16a baino lehen ailegatuko balitz, orduan akituko litzateke denboraldia. Dena den, kontrapasa libre izan den azkeneko zazpi urteotan ez da inoiz hurbildu kopuru horretara. 1999. urtean 762 uso bota ziren, 2000.ean 1.507 uso, 2001.ean 1.560 uso, 2002.ean 2.593 uso, 2003.ean 897 uso eta joan den urtean 1.857 uso. Joan den urteko kopuru horretatik, gehienak, 413 uso, Baztanen ehizatu ziren, 157 San Adriango kotoan eta 125 Ultzamakoan. Egunik onenak otsailaren 15a eta martxoaren 8 eta 9a izan ziren.
Ehiza baimendutako postu horietatik eskopetaz bakarrik egiten ahalko da. Postuen ardura usategia kudeatzen duen ehiztari elkartearena izanen da. Hauek arduradun bat kontratatu beharko dute kontrapasa denboraldirako eta egunero postuetan nor dagoen eta zenbat uso ehizatzen diren apuntatu beharko ditu. Datu hauek astero bidali beharko dira Ingurumen Departamentura. Datu hauek egiazko direla ikusteko tarteka zaindariak agertuko dira postuetara.