Ehun lanpostu galduko dira Zalainen enpresaren Industria Planaren arabera

ttipi-ttapa 2007ko ots. 22a, 13:45

Egitura tuboaren produkzioa Zalainetik kendu eta kalibratutako tuboan eta autogintzarako erabiltzen denan espezializatu nahi dute, errentagarriagoa delakoan. Horretarako, produkzioa eta langile kopuru

Condesak tubo produkzioa berrantolatu nahi du

Zalaingo lantegia erosi zuen Condesa enpresak lantegi honetarako plan industriala aurkeztu zuen urtarrilaren 12an. Plan horren arabera, produkzioa ez ezik lanpostuak ere murriztuko dira Zalainen hemendik 2007 urtera. Condesak tubo produkzioa berrantolatu nahi du dituen lantegien artean eta Zalainen eraikuntzarako eta moblegintzarako egiten den egitura tuboaren produkzioa bertatik kendu eta kalibratutako tuboan eta autogintzarako erabiltzen denan espezializatu nahi dute, errentagarriagoa delakoan. Prozesu honen eraginez, produkzioa erdira jautsiko da eta ehun lanpostu galduko dira 2007. urtera arte.

Industria Plan honen arabera, Zalaingo produkzioa 2003. urteko 213.000 Tonatik 2007rako aurreikusi den 111.500 Tonako produkziora pasatuko litzateke. Produkzio jautsiera honek, lanpostuen murrizkera ere eginen luke, 2003an zeuden 474 langileetatik 340 langiletara. Batez ere behin behineko lanpostuak, ebentualak, desagertuko dira eta hori somatzen hasi da dagoeneko lantegian. Sindikatuetatik jakinarazi dutenez, joan den urteko urritik 50 bat lanpostu galdu dira, kontratua akautzen zuten behin behineko langileei ez baitzaie kontratua berritu eta dagoeneko 400 langile baino guttiago ari dira Zalainen. Baina enpresa zuzendaritzatik komiteari jakinarazi zaio lanpostu finkoa duten langileak ere badaudela soberan, administrazio lanean ari diren 34 bat langile, hain zuzen.

Plana denboran oraindik gehiago luzatuko da 2010. urtera arte. Ordurako lantegiaren produkzioa zerbait igoko da, 117.000 Tona arte eta 2007an baino 50 langile gehiago izanen omen ditu lantegiak, 390 lagun. Industria Planaren arabera, 15 milioi euroko inbertsioak eginen dira, labe berri bat, zizalla eta akaberako lerroa instalatuko baitira 2010erako. Aurten eta heldu den urtean, aldiz, gaur egun fabrikak dituen zazpi makina kenduko dira.

Sindikatuek ez dute begi onez ikusi plan hau, orokorrean eskualdean 84 lanpostu galtzen direlako. Gainera, egiturako tubo produkzioa uzteak eragina izanen du Lesakan Aceraliak duen produkzioan, 70.000 Tona guttiago bideratuko baititu Zalainera, Lesakako lantegiaren produkzioaren hamarretik bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun