Duela hilabete bat Etxalarko Udalak Herriko Etxean dagoen ostatua eta jatetxea errentan adjudikatzeko lehiaketa zabaldu zuen. Eskaintzak aurkezteko epea joan den otsailaren 14ean bukatu zen, baina inor ez zen aurkeztu. Hortaz, deialdia luzatu behar izan dute bertze hilabete batez.
Baldintzak berdin segitzen dute. Urteko kanona 3.720 euroko izanen da gehi BEZa. Kontratazio epea lehiakideak zehaztu beharko du egiten duen eskaintzan, baina guttienez 5 urtekoa izan beharko du, eta gehienez 10 urtekoa. Fiantzari dagokionez udalak 600 euro eskatuko ditu. Interesatuak daudenek hainbat agiri aurkeztu beharko dituzte, eta hainbat klausulak onartu. Horiek guziak Herriko Etxean edo Nafarroako Web orrian ikus daiteken baldintza pleguan irakurtzen ahal dira. Eskaintzak udaletxean bertan eraman beharko dira martxoaren 14a baino lehenago.