La Union Kasinoaren zuzendaritza batzorde erdia berrituko da urtero

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Kasinoko hiru bazkide sukaldeko eltze artean. Erdian, Alejandro San Miguel elkarteko presidentea ageri da. TTIPI TTAPA

Hiru juntakidek bertze hiru aukeratuko dituzte kargua uzterakoan

Doneztebeko La Union Kasinoak urteko batzarra egin zuen urtarrilaren 23an. Kasinoa da herriko elkarterik zaharrena eta urteko 70 euro ordaintzen duten 205 bazkide ditu gaur egun. Bear-Zana pilota plazaren ondoan dagoen elkartearen egoitzak ere itxura ederra ageri du orain, kanpo aldeko paretak eta argiak berritu baitira, 18.000 euroko aurrekontuarekin.

Igandeko batzarrean hainbat garrantzitsu hartu ziren, horien artean zuzendaritza batzordea berritzeko sistema berria. Gaur egun Alejandro San Miguel “Sanba” da elkarteko presidentea, Alejandro Maylin da idazkaria eta Oskar Mindegiak, Juan Estangak, Jesus Mangadok eta Maddi Ruizek osatzen dute batzordea. Bertze elkarte gehienetan gertatzen den bezala, zaila izaten da karguak berritzea eta horregatik aldatu dute sistema. Honela, zuzendaritza batzordeko hiru kidek, kargua uzterakoan bertze hiru aukerako dituzte. Hurrengo txandan, bertze hiruek aukeratuko dituzte beraien ordezkoak eta horrela urtero. Honela, pertsona bakoitza gehienez ere bi urte egoten ahal da batzordean. Zuzendaritza batzordeko kideek ez dute bazkide kuotarik ordaindu beharrik izanen.

Arestian aipatu bezala, elkartearen aitzinaldea moldatu baldin bada ere, teilatua moldatzeari buruz ere aritu ziren batzarrean. Aipatu zenez, ez da oso-osorik berritu beharrik izanen, baina lan handia egin beharko da. Bertze aldetik, azken urteetan elkartearen egitarauan ohikoa bihurtu den barrikotea martxoaren 5ean eginen da, larunbatarekin. Urtero bezala, kupela ekarriko du Avelino Mitxeok eta sagardotegiko menu tipikoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun