Urteroko joan-etorriak zintzo bete zituzten joaldunek iñauterietan

Arkaitz MINDEGIA 2007ko otsailaren 22a

Joaldunak eta mozorroak protagonista. TTIPI TTAPA

Aspaldiko partez ahare jokua ikusi ahal izan zuten Zubietan

Aspaldiko ohitura berritu zuten bertze urte batez Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek. Astelehenarekin, Zubieta eta Aurtizko joaldunek bisita egin zuten Iturenera. Iturengo joaldunak Latsaga aldera atera ziren, bizilagunei harrera egitera eta denak batera, beraien joare eta turuta-soinuekin Iturengo plazan bildutako mozorroak uxatu zituzten. Herriko Etxeko ganbaran gosaldu zuten, hainbat bisitari ezagun eta ezezagun lekuko zirela.

Asteartean, berriz, Zubietan izan zen egun handia. Oraingoan, Ituren eta Aurtizko joaldunek jo zuten Zubieta aldera eta Zubietako joaldunak errotara atera ziren ongietorria eskaintzera. Ordurako mozorro besta ederra bazen Zubietako plazan, baina joaldunak agertu zirenean hauek hartu zuten protagonismoa. Aurtengoan, Zubietan, aspaldiko ohitura bat berritu zuten. Hain zuzen, garai batean ohikoa zen iñauteri-asteartean ahare apostua egitea Zubietako plazan. Ohitura hori galdua zen, baina aurten berriz ere ahare jokua ikusteko modua izan zen, Luis Martinek Doneztebetik eramandako hiru aharekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun