Iiñauterietako egun haundia ospatu zuten igandean, karrozen desfilearekin. Urtero bezala, hainbat bisitari hurbildu zen Sunbillara, azken egunotako eguraldi hezearekin konparatuta, hotza bai, baina eguzkia atera baitzen igandean. Foruzaingoak emandako datuen arabera, 700 kotxe eta autobus bat sartu ziren Sunbillan, 3.000 lagun baino gehiago.
Azkeneko urteotako ohiturarekin segituz, hainbat karroza ikusi ahal izan ziren Sunbillako karriketan. Bidasoako piratek ireki zuten desfilea. Aitzinako ibilgailuen erakusketa ederra etorri zen ondotik, txirrindula, globoak eta abionetekin, bertzeak bertze. Herri Kirolaren historian garrantzi handiko apostu bat ere antzeztu zen, Luxia eta Latasa sunbildarraren arteko aizkora desafioa hain zuzen.
«Oeste»ko saloia, rodeo eta guzi izan ziren eta anbulantzia bat ere agertu zen. Bestetan ohikoak diren tiropitxoi bat ere izan zen. Mendi espedizio bat ere ikusteko modua izan zuten herrira hurbildutakoek, “Mision Imposible del K-3” izenekoa. Ez zuten, ez, lan errexa, kasik 9.000 metro zituen mendia igo behar baitzuten.
Mineroak, ONCEko kaxotak, xaguak eta bertze ikusi ahal izan ziren. Duela 23 bat urte Sunbillako karrozekin hasi zen koadrillak garai bateko ogilabea, dolarea eta errotak lanean paratu zituzten. Gainera, handik ateratako, ogi, artopil eta sagardoa jende artean banatu zuten. Eguraldi hotzari aurre egiteko bertze karroza batek 430 litro salda, 1.500 arraultze tortillan, 60 kilo gaztain erre, 80 kilo talo, gazta, 300 litro ardo eta lehen aldiz, 200 litro sagardo eta pittarra banatu zuten.