Nafarroako Haur kantari txapelketan izen emateko epea otsailaren 14an akautuko da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

Binaka, banaka nahiz taldeka eman daiteke izena haur kantu txapelketan TTIPI TTAPA

Kanporaketa saio bat Doneztebeko Bordatxon eginen da martxoaren 12an

Otsailaren 19an abiatuko da Tafallako frontoian Nafarroako Euskal Kantuzaleen Elkarteak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren babesarekin antolatzen duen haur kantari txapelketaren edizio berri bat. Gainerako kanporaketak Burlata, Altsasu eta Donezteben eginen dira eta finala Iruñeko Gaiarre Antzokian izanen da. Euskal Kantuzaleen elkarteak antolatzen du haur kantari txapelketa. Euskal Kantuzaleen Elkartea Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzen eta bultzatzen duen erakundea da. Honen eredu den Nafarroako Haur kantari Txapelketa haurrei espreski bideratutakoa , duela hamar urtetik goiti ospatzen da Nafarroan. Irakasleendako, kanta haurrak motibatzeko eta hezitzeko tresna da, eskoletako ikasleak anima daitezen. Aukera paregabea da eszenatoki baten gainean zer sentitzen de ikasteko. Gainera, honako lehiaketek haur gehiagorekin batera parte hartzeko aukera bikaina eskaintzen diete, giro artistikoan eta bide batez, musikaren gelako heziketa teorikoa praktikaren bitartez ere bultzatzen da. Beti ere garrantzitsuena parte hartzea da. Epaimahaikideak honako hauek izanen dira: Ion Irazoki Doneztebeko musika eskolako zuzendari ohia eta Donostiako txistulari bandan irakasle eta partaide, Ainhoa Santz doneztebarra eta Burlatako musika eskolako irakaslea, Maria Eugenia kantu eskolako piano irakasle eta Mikel Juaniz Barañaingo musika eskolako irakaslea eta La Pamplonesako kidea.

Kanporaketa egiten den herri bakoitzean inguruko herrietakoek parte hartzeko lehentasuna berezia izanen dute eta soilik puntuaketaren arabera, aurreneko gelditzen diren 20 partaideak, talde bikote nahiz bakarlari moduan aurkeztuko dira finalera.

Kanporaketa guztiak 17:00etan izanen dira honako data eta tokietan: Otsailaren 19an Tafallako udal pilotalekuan, otsailaren 26an Burlatako kultur etxean, martxoaren 5ean Altsasuko Iortia kultur etxean eta martxoaren 12an Doneztebeko Bordatxo aretoan. Finala martxoaren 20an goizeko 11etan eginen da Iruñeko Gaiarre antzokian. Izen emateko epea otsailaren 14a arte irekia dago. Ezinbestekoa da abestiaren izena, egilea eta hitza eta kantari-musikarien izenak postaz,e-postaz edo faxez bidaltze helbide honetara: Kantuzaleen elkartea, Joaquin Beunza 13 bis 1.pisua. 31014 Iruñea. e-posta euskokultur@terra.es, faxa 948382658 eta 948141812telefonoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun