Orain dela gutti zerri hiltze bati buruzko erreportai bat ikusteko aukera izan du jendeak TTIPI-TTAPA Telebistan. Honi buruz zerbait erran nahi dut. Nahiz eta ez ditudan inola ere konpartitzen ekintza hauek, hala ere errespetuz errespetatzen saiatzen naiz.
Nik honekin ez dut inor mindu ezta kritikatu nahi, soilik beste ikuspuntu bat erakutsi eta zer pentsatu eman jendeari.
Garai batean, Euskal Herrian jatekorik etzegoenean animaliak handitzea eta hiltzea normala zen eta ziurrenik luxu bat izanen zen aukera hori izatea. Baina gaur egun egoera arras diferentea da eta animaliak hil gabe bizi gaitezke. Animaliak sentitzeko gai dira, bai sufrimendua eta baita plazerra. Horregatik etzait bidezkoa iruditzen animaliak gure irabazietarako erabiltzea. Aspalditik datorren kostumbre edo ohitura bat izateak ez du justifikatzen ekintza hauen iraupenak. Ohitura aunitz daude ez direnak justuak. Ez da bidezkoa inori sufrimendua eragitea, hori saihesteko aukera baldin badaukagu eta berdin du gizakia ala animalia izan. Norbait errespetatzeko gauza garrantzitsu bakarra bere sentitzeko gaitasuna da. Eta nik uste hori argi eta garbi antzematen dela animalietan, nahiz eta ez duten hitzen bidez azaltzen.
Orduan zergatik mantentzen dira ohitura hauek? Animaliak ez direlako gure espeziekoak? Bazterketa horri Espezismoa deritzogu, gure espeziekoa ez denez baztertzea eta erabiltzea.
Arrazakeria eta sexismoaren aurkakoak baldin bagara gaur egun, zergatik oraindik mantentzen dugu Espezismoa, jakinda bertze zapalketa bat gehiago dela? Itziar