Gutun honen helburua Euskal Preso politikoen kolektiboak abiatu duen borrokaldiaren berri ematea da. Borrokaldiak, Espainiar zein Frantziar gobernuek Euskal Presoen aurka daramaten politika itogarria salatzea du helburu. Alde batetik oinarrizko eskubideak (kartzela barrukoak) errespetatzea eta bertzetik eskubide politikoen aitortza eskuratzeko borrokaldia litzateke. Aldarri nagusia “isolamendu politikaren aurka Euskal presoak Euskal Herrira orain!” izango da. Borrokaldia urtarrilaren 3an hasi zuten mundu guztian zehar dispertsaturik dauden preso politiko guztiek planto bat eginez. Egun bat beranduago, urtarrilaren 4an, kolektiboa osatzen duten preso guztiek, txandaka egingo duten txapeoari hasiera eman zioten, hiru hilabete iraungo du txapeoak.
Gauzak horrela, Amnistiaren aldeko mugimendutik dinamika hau indartze aldera plangintza bat osatu dugu. Gure helburua presoen aldarriak eta borrokaldiaren nondik norakoa gizarteratzea litzateke. Horretarako, mobilizazio desberdinak, batzar informatiboak, propaganda, borroka eguna… eta bertze hainbat gauza antolatzeko asmotan gabiltza. Informazio orri honek ematen digun aukeraz baliatuz, gonbitea luzatu nahi genioke irakurleari ahal duen neurrian eta tokian preso politikoen aldeko dinamiketan parte hartzeko. Guk behintzat argi daukagu, Euskal Herri askea nahi dugu eta bide horretan nahitaezkoa zaigu askatasunaren aldeko borrokan dabiltzanen indarra, zuena adibidez, eta zer erranik ez preso eta iheslariena. Ez dezagun aukera hau pasatzen utzi, orain arteko erronkak zailak izan dira eta hau ez da erraza izango, baina guztion bultzadarekin lortuko dugu.
Gure aldetik bertzerik ez, animo eta eutsi! Bere presoak ahazten dituen herriak ez baitu etorkizunik.
Lesakako Amnistiaren Aldeko Mugimendua.