Euskarazko telebista lokalak lizentzia eskuratzeko aukerarik gabe gelditu dira

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 22a

TTIPI TTAPA

Eusko Alkartasunak eskatuta, otsailaren 15ean bilduko dira Nafarroako Parlamentuan

Joan den abenduaren 4an argitaratu zen Espainiako tokiko telebista digitalaren plan teknikoa indarrean jartzen duen Errege Dekretua. Horrela, telebista lokalen egoera legala normalizatzeko 1995az geroztik bueltaka zebilen prozedura juridikoa, behin-betikoz bideratua gelditu da. Izan ere, plan tekniko honen bitartez zehaztu egin du Espainiako Industria Ministerioak autonomia erkidego bakoitzeko zein eskualde edo udalerri-multzotan antolatu ahal izanen diren telebista lokalak, eta horrekin batera, finkatuta uzten du 2008ko urtarrilaren 1erako telebista lokal guztiek era digitalean emititu beharko dutela. Hortik aurrera telebista lokalek ezin izanen dute gehiago sistema analogikoan emititu.

Bitarte horretan, autonomia erkidego bakoitzaren esku geldituko da Ministerioak markatu dizkien demarkazio horietan emitituko duten telebisten kontsesio administratiboak esleitzea. Nafarroari dagokionez, abenduaren 24an zabaldu zuen gobernuak Foru Erkidegoak onartuta dituen 5 eskualde horien artean emanen diren 5 kontsesioetara proposamenak aurkezteko epea, eta otsailaren 7an itxi zen epe hori.

Nafarroa prozesua abiatu duen lehenengoetakoa

Aipatu 5 kontzesioek 5 urteko iraupena izanen dute eta ezin izanen dira eskualdatu bertze onuradunen alde.

Bertzalde, Madrilen joan den azaroan abiatu zuten esleipen prozesua, eta 11 demarkazioen artean 34 kontzesio esleituko dituzte. Galizian 84 kontzesio banatuko dituzte 21eskualde edo demarkazioen artean, eta prozesu berean, bertze 132 FM lizentzia ere esleituko dituzte.

Udal eta mankomunitateen ezadostasuna

Nafarroan prozesu honek dituen lege-hausteak aztertuz Euskara Kultur Elkargoak txosten juridikoa prestatu du, behar denean lagungarri izan dadin. Era berean, euskal eremuko udal eta mankomunitateek (Sakana, Larraun, Ultzama, Leitzaldea, Malerreka, Baztan, Bortziriak…) «Plan Teknikoari buruz euren ezadostasun osoa agertu dute». Hala, udal akordio eta erresoluzioetan eskatzen diote gobernu zentralari«indarrean dagoen legeriaren arabera, tokiko telebistetan hizkuntza aniztasunaren babesa eta garapena laguntzen duten neurriak betetzea» eta Nafarroko Gobernuari«gobernu zentralari hasieran egin zion eskaera berrestea».

Gaia Parlamentuan aztertuko da otsailaren 15ean

EAk eskatuta, bi telebistetako ordezkariak Parlamentura joateko gonbidapena hartu dute, «euren egoera ezagutu eta etorkizunari begira egon litezkeen soluzioak aztertzeko». Lehendik, azaroaren 11n, Aralar-ek Iribarren kontseilariari azalpenak eskatu zizkion, eta orduan Parlamentuan izandako adierazpenetan, alderdi guztiek ahobatez berretsi zuten Industria Ministerioari bi demarkazio gehiago eskatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun