Donato Larretxeak eta Xabier Mindegiak eskuratu zuten otsailaren 13an Urrezko Aizkolarien finala jokatzeko txartela, eta Azpeitiako kiroldegian neurtuko dira hilaren 26an, 22:30etatik aitzinera Floren Nazabal eta Juan Jose Erdoziarekin
Aitzinetik iragar zitekeen moduan, Arabako Valdegobian jokatutako finalerdia txanda libreko saio luzean erabaki zuten Arantzako eta Beintza-Labaiengo aizkolariek. Oinbikoa zutik moztuz ekin zioten saioari, eta hor Angel Arrospide eta Joxe Ugarteburu nagusitu ziren. Segidan, oinbikoa moztu zuten, baina oraingoan, etzanda. Hor, nafarrek irabazi zuten saioa. Kana-erdikoarekin ere neurtu ziren denak denen aurka. Larretxeak Ugarteburu eta Arrospide mendean hartu zituen, eta Leaburukoak eta Ezkiokoak Mindegia gaztea menderatu zuten. Txanda erabakigarrian, bikote bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituen. Lehen zatia estua izan zen, eta lan erdietan bi segundoko aldea bertzerik ez zuten alde nafarrek, baina bigarren zatian tartea gehitzen joan ziren. Bukaeran, minutu eta erdiko aldea izan zuten alde.