Seigarren Paxaka txapelketaren finala martxoaren 12an jokatuko da Iruritan

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 22a

Iruritako Urrutia anaiak eta Elizaintzin txapeldun izan ziren 2001eko txapelketan. TTIPI TTAPA

Lehen faseko azken partidak aste hondar honetan eta finalerdiak martxoaren 5ean

Laxoa Elkarteak seigarren aldiz antolatutako Baztan-Bidasoako paxaka txapelketa azken txanpan sartua da. Larunbat honetan jokatuko da bederatzigarren jardunaldia, lehen faseko azkena. Horren arabera, lau lehenbizikoek finalerdiak jokatuko dituzte martxoaren 5ean, lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra. Final handia, berriz, martxoaren 12an jokatuko da Iruritako Aranabia pilotalekuan. Txapelketa honetan hamar hirukote ari dira, erdiak Iruritakoak: Francisco Santxotena, Iñaki Zabaleta eta Xabier Ripa; Joseba Urtasun, Guillermo Etxenike eta Mikel Ballarena; Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Andres Elizaintzin; Cesar Iñarrea, Jesus Etxenike eta Jesus Garate, eta Iñaki Etxandi, Mikel Bidegain eta Martin Alfaro. Oiztik bi hirukote aurkeztu dira: Iñaki Mendiola, Lander Mendiola eta Sergio Fagoaga, azken bi urteotako txapeldunak eta Alberto San Miguel, Juan Mari Mindegia eta Jose Agustin Mindegiak osatutakoak. Doneztebek hirukote bakarra plazaratu du, Lander Erkiziak, Josu Juanenak eta Eduardo Oiartzabalek osatutakoa. Bertze bi hirukoteak eskualdetik kanpoko pilotariek osatzen dute. Gipuzkoako Zubietatik Imanol Aizpurua, German Errekondo eta Endika Garcia etorri dira eta Ipar Izar taldetik Cristian Mendiburu, Hari Eduate eta Philipe Jauregiberri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun