Bidasoako hemezortzigarren bertso paper lehiaketa antolatu dute Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.
Parte hartzaileak hiru mailatan banatuko dira. A mailan 12 urte arteko haurrek parte hartuko dute eta guttienez bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, 50 euroko balea materialean eta oparia izanen du irabazleak, 30 euroko balea eta oparia bigarrenak eta 20 euroko balea eta oparia hirugarrenak.
B mailan, 12 urtetik 18 urte arteko gazteak sartuko dira eta guttienez lau bertso egin beharko dituzte. Irabazleak oroigarria eta 120 euro eramanen ditu, bigarrenak oroigarria eta 75 euro eta hirugarrenak oroigarria eta 50 euro.
18 urtetik goitikoek, azkenik, C mailan hartuko dute parte eta guttienez zortzi bertso egin beharko dituzte. Irabazleak 150 euro eta oroigarria jasoko du, bigarrenak 90 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 60 euro eta oroigarria.
Bertsoak martxoaren 18a baino lehen bidali beharko dira helbide honetara: Berako Kultur Etxea; Bidasoako XVIII. Bertso paper lehiaketa; Eztegara Pasealekua 11; 31780 BERA
Bertsoak onartuak izateko izenburua eta adina eramanen dute bakarrik agerian. Bertze gutunazal itxi batean bertsoen izenburua paratuko da azalean, eta barrenean egilearen izen-abizenak, adina eta telefonoa.
Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu, edo aipamen bereziak eman. Sariak Berako Kultur Etxean apirilaren 8an, ortzirala, arratsaldeko 6etan eginen den ekitaldian banatuko dira. Sari banaketa ekitaldian Bidasoaldeko bertso eskola ezberdinek parte hartuko dute.