Herriko ihauteriak ederki iragan dira hauste aintzineko asteburuan. Larunbatean hogoi bat gazte ibili dira etxez etxe traktorez, musikarekin. Eguerditan Baratxarteko aparkalekuan bazkaldu zuten. Ibilaldia bururatu ondoren potea abiatu zuten Pleka trinketetik eta gauez Kiwa taldeak jo zuen Herriko Etxeko edantegian.
Biharamunean, Zazpiak Bat dantza taldeak eskaini zuen ikusgarria plazan eta ikastolako haurrek kantuz aritu ziren, ondotik zanpantzarra erre zuten. Oren batak aldean bazkaria izan zen Olhain ikastolak prestatua, eta usaian bezala oraino indar zonbait atxikiak izan zutenak bentetako itzuli egin zuten eta Portua aldean bururatu zuten.